Hauteskunde hauek lantegiak azken urteotan izandako aldaketa sakonen ostean egin dira. 2022an, enpresa Alconza Irizar Taldearen esku zegoela, zuzendaritzak 38 kaleratze iragarri zituen; azkenean 25 gauzatu ziren, eta langileek 151 eguneko greba mugagabea egin zuten. Uztailaren amaieran amaitu zuten, etorkizuneko industria-plan baterako oinarriak, enplegua gehiago ez suntsitzeko bermeak eta kaleratutako 25 langileentzat lan-poltsa bat adostu ostean.
2025eko azaroan, berriz, Ingeteamek Berangoko lantegiaren aktibo produktiboak erosi eta 70 langile bere egituran integratzeko prozesua abiatu zuen; Irizarrek Alconza marka mantendu zuen. Orduan, Ingeteamek azaldu zuenez, erosketaren helburua "makina elektriko birakarien ekoizpen- eta konponketa-gaitasuna handitzea" izan zen.
Alconza zenaren aurreko batzordean CCOOk lau ordezkari, ELAk hiru eta LABek bi zituzten. Oraingo hauteskundeetan, berriz, LABek bost ordezkariak eskuratu ditu eta, beraz, batzordeko ordezkaritza osoa izango du. Sindikatuak "enpleguaren, lan-baldintzen eta langileen eskubideen defentsan jarraitzeko konpromisoa" berretsi du.