Berangoko natura, argazkien bidez babesteko

Izaro Garcia

Ekimena Berangoko naturguneak babesteko beharraz kontzientzia sortzeko jaio da

Berangoko basoak, zelaiak, zuhaitzak, fauna edota herriko berdeguneak izango dira protagonista Lantzarte Bizirik elkarteak antolatutako "Berangoko Natura" II. Argazki Lehiaketan. Adin guztietako argazkizaleei zuzendutako ekimena da, eta parte-hartzaileek azaroaren 8ra arte bidali ahal izango dituzte euren lanak. Hautatutako hamabi irudiek elkartearen 2027ko egutegi solidarioa osatuko dute.

Lehiaketaren helburua herriko natura-ondarea erakustea ez ezik, hura zaintzearen garrantziaz hausnartzea ere bada. Horretarako, parte-hartzaile bakoitzak gehienez hiru argazki original aurkeztu ahal izango ditu: basoak, zuhaitz bereziak, zelaiak, flora eta fauna, landa-paisaiak zein hiriko berdeguneak izan daitezke irudietako protagonistak. Argazkiak lantzartebizirik@gmail.com helbidera bidali beharko dira azaroaren 8a baino lehen. Irabazleak sari berezia jasoko du, eta egutegian agertuko diren hamabi argazkiak herritarren bozketaren bidez aukeratuko dituzte.

Natura-ondarea erdigunean

Lantzarte Bizirikek azaldu duenez, ekimena Berangoko naturaren edertasuna erakusteko eta naturguneak babesteko beharraz kontzientzia sortzeko jaio da. Elkarteak azken hilabeteetan herriko hainbat gunetan egindako jarduketak aipatu ditu testuinguru horretan, tartean Lantzarteko zelaiaren zati batean izandako esku-hartzea eta Moreaga edo Maisu Ibilbidea bezalako guneetan zuhaitzak moztu izana. Elkartearen iritziz, argazkigintza herriko natura-ondarea berriz begiratzeko eta etorkizunerako zer Berango gura den hausnartzeko tresna izan daiteke.

Lehiaketagaz batera, elkarteak hainbat proposamen aurkeztu ditu Berangoko 2027ko Aurrekontu Parte-hartzaileetara: parkeetan itzalgune eta babesleku klimatikoak sortzea, mendiak birnaturalizatzea, bidegorri-sarea Algorta eta inguruko herrietara zabaltzea, eskola-bide seguruak sustatzea, udal-konpostontzi bat jartzea eta Asiako liztorra kontrolatzeko sistema ekologikoa martxan jartzea, besteak beste.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun