2022ko urritik dago martxan hondakinak jasotzeko zerbitzua, eta hori erabiltzeko prozesua oso erraza dela adierazi du Udalak. Erabili aurretik, zerbitzuan izena eman behar da. Bilketa astean behin egiten dute, astelehenetan; beraz, hondakinak ateratzeko momentua heltzean, WhatsApp bidez abisatu, inausketa-hondarrak etxebizitza aurrean utzi eta udal-zerbitzuko langileak pasako dira euren bila.
Zerbitzua herritar guztien eskura dagoela adierazi du; eta horren bidez ekonomia- eta antolakuntza-mailan "ahalegin handia" egiten duela nabarmendu du, hondakin horien kudeaketa egokia "ahalik eta gehien" errazteko.
Inausketa-hondarrak zuzen bereiztearen garrantzia
Udalak gogoratu duenez, landare-hondakinak biohondakinak dira; beraz, horiekaz konposta egin daiteke. Aukera hori hondakinak errefusaren edukiontzian sartzean galtzen da: gainerako hondakinakaz nahasten direnean "landare-frakzio" gisa behar bezala kudeatzeko aukera galtzen da; eta, gainera, ondoren egin beharreko kudeaketa kostu askoz handiagoa dakar. Bestalde, Udalaren arabera, inausketa-hondakin horiek edukiontzien barruan edo inguruan uztean, erabilgarri dagoen lekua okupatu egiten da, beste bizilagun batzuentzat erabilgaitz utziz.
Udalak egoera horiek saihestea guztion ardura dela ohartarazi du, eta gizalegearen kontrako jokabide horiek salatu ditu. "Ez da beharrezkoa edukiontziak inausketa-hondakinekaz betetzea, ezta bide publikoan uztea ere. Doako udal-zerbitzu bat dago, erraza eta erosoa, behar bezala egiteko", adierazi du.