
Familien arabera, azken urteotan, hainbat aldiz aldarrikatu dute sukaldaritza ezartzearen proiektua. 2021ean, Hezkuntza Sailak proiektua onartu zuen, baina "hainbat arrazoirengatik" inoiz ez da gauzatu. Orain, datorren Elikaduraren Munduko Eguna dela eta, Berango-Meranako IGEak Elikadura Iraunkorraren Astea antolatuko du.
Helburua sukaldaritza propioa izatearen aldarrikapenari jarraipena ematea eta sukaldaritza izatearen garrantzia azpimarratzea izango da; eskola-elikadura osasungarri, iraunkor eta kalitatezkoa lortzeko lehen urratsak baitira. Gainera, eskola-jantokia hezkuntza-espazio "osasungarri, hurbil eta komunitarioa" izan behar dela gogoratu dute. "Elikadura eredu baten aldeko apustua egiten dugu, eskola eta bere ingurunea lotuko dituena, umeak elikagaien jatorrira hurbilduko dituena eta haurtzarotik ohitura osasungarri eta iraunkorrak sustatuko dituena", azpimarratu dute.
Etorkizunaren aldarrikapena
Familiek, aste honegaz, eskola-elikadura otorduak zerbitzatzeaz haratago doala gogoratu gura dute. Jantokia hezkuntza-aukera bat dela nabarmendu dute, elikagaiekaz harreman kontzienteagoa sustatzeko, ekoizpen-eredu iraunkorrak bultzatzeko eta eskolaren, familien eta ingurunearen arteko loturak sendotzeko. Gainera, euren arabera, sukaldea ezartzeak, eredu horretarantz "aurrera egitea" ahalbidetuko luke, "janarien elaborazioa ikastetxera bertara hurbilduz eta jantokiaren izaera hezitzaile eta komunitarioa indartuz".
Hori dela eta, familiak, hezkuntza-komunitatea, komunikabideak eta herritar guztiak gonbidatu dituzte antolatuko dituzten jardueratan parte hartzera eta aldarrikapen horregaz bat egitera.
Egitaraua:
Urriak 14, asteazkena | Berango-Merana Eskola
- 16:15 Baratze irekia. Eskolako baratzera hurbiltzeko eta lurrarekiko eta elikagaiekiko kontaktua sustatzen jarraitzeko gune bat.
- 17:00etatik aurrera. Pasta-tailerra. Eskolako karpak elikagaiak partekatzeko, ikasteko eta elaborazioaz gozatzeko jarduera bat hartuko du.
Urriak 15, osteguna | Berangoeta Kultur Etxea
- 16:30 "Geure bazkarie" bideokliparen aurkezpen ofiziala eta estreinaldia. Berangoeta Kultur Etxeko areto nagusian. Abestia Josu Santamariak konposatu du eta Aratz Díezekin batera grabatu du Euridia estudioetan. Naroa Gaintzak jartzen du ahotsa. Ikus-entzunezko ekoizpena Julen Zubietek egin du, Berango-Merana eskolako familiekin elkarlanean.
- Jarraian, askari agroekologikoa bertaratutako guztientzat, elikadura jasangarriaren eta komunitatearen inguruko topagune bat partekatzeko.