Euskadiko Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren 1/2024 Legearen 18. artikuluak ezartzen duenez, 5.000 biztanletik gorako udalerriek klima eta energia planak eduki behar dituzte. Horietan, besteak beste, energia-kontsumoa, berotegi-efektuko gasen emisioak, karbono-hustulekuak eta udalerriari eragiten dioten klima-arriskuak aztertu behar dira.
Horrenbestez, planaren helburua emisioak murrizteko eta klima-aldaketaren ondorioetara egokitzeko neurriak zehaztea izango da. Udal eraikinen artean, Berango-Merana eskola, udaletxea eta kiroldegia urteko energia-kontsumorik handiena dutenak dira.
Klima eta energia planek hiru ardatz nagusi izango dituzte: karbono-neutraltasunerantz emisioak murriztea; klima-arriskuak eta horien inpaktuak ezagutzea eta horietara egokitzea; eta udalerrien erresilientzia hobetzea, besteak beste, muturreko gertakarien aurrean eta naturan oinarritutako irtenbideak baliatuz.
Berangoko Udalak apirilaren 29an plana idazteko zerbitzua lizitaziora atera zuen, 24.750 euroko hasierako aurrekontuagaz, BEZik gabe. Abuztuaren 3an, Naider Analisis y Accion Socioeconomica SL enpresari adjudikatu zioten, 19.000 euroan, BEZik gabe —22.990 euro BEZagaz—. Kontratua abuztuaren 31n formalizatu zuten, eta bederatzi hilabeteko iraupena dauka.