Berangok Kontakizun Laburren IV. Lehiaketarako epea zabaldu du

Laura Fontalba Colomo

Berangoko Udalak Kontakizun Laburren IV. Lehiaketa antolatu du, Azaroaren 25aren harira. Euskarazko eta gaztelaniazko lanak aurkeztu ahal izango dira azaroaren 18ra arte, eta kategoria bakoitzeko irabazleak 100 euroko opari-txartela jasoko du.

Udal-liburutegiaren bitartez, Berangoko Udaleko Kultura eta Berdintasun Sailek antolatu dute. Bertan, 16 urtetik gorako edonork parte hartu ahal izango du, eta pertsona bakoitzak kontakizun bakarra aurkeztu ahal izango du, euskaraz edo gaztelaniaz. Lanek azaroaren 25agaz lotutako gaia izan beharko dute, originalak, argitaratu gabeak eta gutxienez bi orrialdeko luzera izan beharko dute.

Kontakizunak azaroaren 18ko 20:00ak arte aurkeztu ahal izango dira, Berangoko Liburutegi Publikoan –Simon Otxandategi, 64– edo posta elektronikoz, nagusienetxea@berango.org helbidera bidalita. Lanak ezizen bategaz sinatu beharko dira, eta egilearen datuak aparte aurkeztu beharko dira, lehiaketaren oinarrietan zehaztutako moduan.

Epaimahaiak azaroaren 23an irabazleei emaitza jakinaraziko die, eta sari-banaketa abenduaren lehen astean egingo dute. Euskarazko eta gaztelaniazko kategorietako irabazleek Elkar dendetan erabiltzeko 100 euroko opari-txartel bana jasoko dute. Gainera, saritutako kontakizunak Berangoko Udalaren komunikazio-kanal ofizialetan argitaratuko dituzte.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun