Gozatzeko, partekatzeko eta euren lekua aldarrikatzeko: Emakume Palisten I. Topaketa

Laura Fontalba Colomo

Zierbenetik, Leioatik, Algortatik, Sopelatik, Larrabetzutik, Plentzitik eta Berangotik besteak beste etorritako 18 emakume elkartuko dira.

Azaroaren 14an, Berangoko Zutik Eskupilota Kirol Taldeak antolatuta eta Barrene Palak dendagaz lagunduta, 50 urte baino gehiago dituzten Emakume Palisten I. Topaketa egingo dute Berangoko frontoian. 

Denok denon aurka eta denok denokin leloagaz, elkarregaz "gozatzeko", "partekatzeko" eta, berriz ere, 50 urte baino gehiago dituzten emakumeei euren leku propio hori "aldarrikatzeko" aukera eskainiko diete. 

Antolatzaileek azaldu dutenez, emakume palistentzat leku propio bat sortzea beharrezkoa da. Izan ere, 50 urte edo gehiago dituzten emakume palistek jokoan jarraitzeak "meritu handia" duela azpimarratu dute: "Uste dugu hori baloratzekoa eta ospatzekoa dela". 

Hasieran, "amets hau" egia bihurtuko zenik ez zekitela onartu dute. Alde batetik, adinagatik, badakitelako 50 urte edo gehiago izanda, palan jokatzen jarraitzea edo horrelako topaketetan parte hartzea zailagoa izan daitekeela. Beste alde batetatik, ez zekitelako zenbat emakume gehituko ziren. "Hasi ginen ateak jotzen, eta sorpresa polita hartu genuen baiezko bat, beste bat eta beste bat jasotzen hasi ginenean", diote. 

Horrela, Zierbenetik, Leioatik, Algortatik, Sopelatik, Larrabetzutik, Plentzitik eta Berangotik besteak beste etorritako 18 emakume elkartzea lortu zuten, baldintza berezi bakar bategaz: 50 urte edo gehiago izatea eta bizitzako momenturen batean frontoian pala jokatu izana.

Formatu desberdina

Topaketak ez du ohiko formatua izango, beste zerbait sortu gura dutelako. Berangon "formatu amerikarra" deitzen duten sistema erabiliko dute. Fase bakoitzean hiru bikotek parte hartuko dute: bi bikote frontoian ariko dira eta hirugarrena kanpoan egongo da zain. Tantoa galtzen duen bikotea aterako da, eta haren ordez hirugarrena sartuko da. Partidak 10 tantora jokatuko dituzte.

Amets batetik errealitate batera

Datorren zapatuan, azaroaren 14an, Berangoko Frontoian elkartuko dira. Topaketak bi fase izango ditu: semifinala eta finala. "Finalaurreko horretan sailkatzen diren lehenengo sei palistak finalera pasako dira, eta final horretan irabazten dutenek eramango dute saria". 

Beraz, topaketa ahaztezina egiteko helburuagaz, finalistek zein parte hartu duten guztiek sariak jasoko dituzte. Antolatzaileek azaldu dutenez, Barrene Palak dendak "maitasun guztiz" prestatu ditu sari "oso politak". Azpitxapeldunak eta txapeldunak euren sariak eramango dituzte, eta parte hartzaile bakoitzarentzat ere detailetxo bat prestatu dute.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun