Euskaraz bizitzeko gunea aldarrikatu dute Berangon

Laura Fontalba Colomo

Berangoko 100 edo 200 euskaltzaleren sinadurak lortu gura dituzte. © BERANGOKO BERBALAGUNAK

Berangoko Berbalagunek bertan euskaraz berba egin eta harremanak euskaraz eraikitzeko guneak behar dituztela aldarrikatu dute sinadura-bilketa baten bidez.

Almudena Zugasti, Ana Martin, Blanca Saitua, Elena Rubio, Julia Hierro, Rossana Abascal, Eva Carrasco eta Txaro Arceniega izan dira manifestuaren lehen sinatzaileak. Berbalagun-taldeetan euskaraz "hitz egiteko ohitura eta konfiantza" hartu duten herritarrak dira. Euren hitzetan, proiektu horri esker, euskaraz hitz egiteko aukera izan dute, "lagunarteko giroan eta elkarrengandik ikasiz", eta euskaraz "eroso" sentitzen direnak eta ikasten ari direnak elkartuz.

Eurentzat egitasmoa gune "atsegin" eta "segurua" bada ere, Berangon ez dutela horrelako talderik azaldu dute; beraz, Berbalagunetan parte hartzen duten berangoztarrek inguruko herrietara joatera behartuta ikusten dute euren burua, besteak beste, Getxora edo Sopelara, egitasmoa martxan dagoen herrietara.

Taldearen iritziz, Berbalagun proiektua herritarrak batzeko tresna ederra izan daiteke, euskararen erabilera sustatzen duena eta herrian euskaraz bizitzeko aukerak zabaltzen dituena. Hori dela eta, aldarrikapen argi bategaz zuzendu dira Udalera: "Beharrezko urratsak egin ditzala herrian Berbalagun proiektua martxan jartzeko, eta horretarako behar diren baliabideak eta elkarlanerako aukerak azter ditzala".

Sinadura-bilketan parte hartzeko deialdia

Orain, Udalari sinadura-bilketa "informala" baina sendoagoa aurkezteko helburuagaz, Berangoko 100 edo 200 euskaltzaleren sinadurak lortu gura dituzte. Horretarako, abenduaren 3aren bueltan, Euskararen Eguna aitzakiatzat hartuta, herritarren artean sinadurak biltzea aurreikusi dute. Dena den, dagoeneko martxan dago sinadura-bilketa, eta esteka honen bidez ere eman daiteke babesa.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun