Gabonetako bigarren eskuko merkatu solidarioan izena emateko epea ireki dute Berangon

Laura Fontalba Colomo

Abenduaren 20an, Berangoko frontoiak Gabonetako bigarren eskuko merkatu solidarioa hartuko du goizeko 11:00etatik 15:00ak arte. Parte-hartzaileek izena eman ahalko dute azaroaren 23tik 27ra arte, aurrez aurre Berangoetako Kultur Etxean –09:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara; barikuetan, 09:00etatik 14:00etara–, edo posta elektronikoen bidez, berangokultura@berango.org helbidera idatziz.

 

Berangoko Udalak aurreratu duenez, merkatuan salduko diren artikulu guztiak bigarren eskukoak izan beharko dira, eta ezingo da janaririk, edaririk ezta animaliarik saldu. Produktuak saltzeko, parte-hartzaile bakoitzak etxola bat izango du; beraz ez da mahairik edo esekitokirik eraman behar, eta artikuluak jartzerako orduan "originaltasuna" eta "gustu ona" izatea eskatu dute. Gainera, pertsona bakoitza bere produktuak garraiatzeaz, etxola muntatzeaz eta artikuluak jasotzeaz arduratuko dela adierazi dute; eta, noski, erabilitako gunea batuta eta garbi utzi beharko duela.

Horretarako, eskudirutan 10 euroko fidantza kobratuko dela aurreratu dute. Ekitaldia amaitzean, gunea batzeko eta garbitzeko arauak betez gero, fidantza itzuliko dute. Fidantza ordaintzeko azken eguna abenduaren 10a izango da, eta merkatuan parte hartzeko nahitaezkoa izango da ordaintzea.

Plaza kopurua mugatua izango denez, zozketa abenduaren 2an egingo dute, 12:00etan, Berangoetako Kultur Etxeko Areto Nagusian.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun