Uriarteren heriotzaren berri pasa den astelehenean zabaldu zen. 35 urte zituen. "Arinegi joan da", azaldu dute Udako Euskal Unibertsitatetik, zabaldutako ohar batean. Unai Fernandez de Betoño eta Ula Iruretagoiena EHUko kideek ere Uriarte agurtu dute honako artikuluaren bidez:
In memoriam: Maider Uriarte Idiazabal
Maider Uriarte Idiazabal (Colchester, 1981 – Bilbo, 2016) arkitektoa zen 2008tik (UPV/EHU). Metak Arkitektura Tailerra sortu zuen Bilbon, Kepa Iturralde eta Zigor Iturbe arkitektoekin batera.
UPV/EHUko Arkitektura Saileko ikerlari bekaduna izan zen 2011-2013 bitartean. Hain zuzen ere, 2012-2013 artean ikerketa-egonaldiak egin zituen University College London-eko Urban Lab-ean, baita Municheko Technical Universityko Landscape Architecture and Regional Open Space (LAREG) katedran ere.
2014ko abendutik UPV/EHUko Hirigintza eta Lurralde Antolakuntzako irakaslea zen. 2015eko urrian Nazioarteko Doktoretza eskuratu zuen, «Paisaiaren Ikuspegia eta bere Lau Dimentsioak: Metodo interpretatzaile konstruktibista baten proposamena Bilboaldeko hiri bazterreko paisaia menditsuen kasuan aplikatua» doktorego-tesia defendatuz (UPV/EHUko Marte Mujika eta TU Munich unibertsitate teknikoko Sören Schöbel-Rutschmann irakasleen zuzendaritzapean).
"Aldiri. Arkitektura eta abar" (Udako Euskal Unibertsitatea) aldizkariko sortzaileetako bat izan zen 2009an, eta, 2015etik, haren zuzendari-kidea. 2011-2013 bitartean Noticias Taldeko "Ortzadar" gehigarriko arkitektura-zutabegilea izan zen.
Maider Uriarteren ikerketa-ildo nagusia lekuan eta paisaian zentratu zen. Alegia, gizarteek eta kulturek lekua ulertzeko, adierazteko eta sortzeko modu ezberdinetan, bai eta fenomeno hori aztertzeko tresna egokientzat zuenean ere: paisaian.
Paisaia, Maider Uriarteren esanetan, ulerkera formalaren eta funtzionalaren arteko eremuan dagoelako, hautemate fisiko eta abstraktuaren artean, lurraldea modu kulturalean kontsideratuz.
Maiderren bokazioa pentsamendu kritikoa zen. Gaztetasunaren indarra eta heldutasunaren zorroztasuna irakur daitezke bere irakaskuntza praktika eta idazketetan. Ibilbide akademiko laburra bezain bizia burutu zuen. Proiekzio internazionala eta euskararekiko atxikimendua azpimarratzekoak dira; etxetik eta kanporako bidean, aldarrikatzen zuen paisaia kulturalaren zabalkuntzan sutsuki eta eskuzabaltasunarekin aritu zen.
UEUko Argitalpen Batzordea eta UEUko Talde Eragilearen oharra
"Aldiri (Arkitektura eta abar)" izan da azken urteetan UEUren argitalpengintzan gertatu den gauzarik handienetako bat. Arkitekturaren alorreko irakasle-ikertzaile-profesional gazteen talde ilusioz, ideiaz, jakintzaz eta jakinminez betea, lan akademikoak euskaraz idatzi eta argitaratzeko gogoz. Lan-eremu berrian ari dira, unibertsitate-ikerketa akademikoa arkitekturan beste eremu batzuetan baino gutxiago garatu delako, eta eremu berri hori euskaraz goldatzen ari direlako. Maider Uriarte Idiazabal doktorea izan da talde horretan kide eta motoreetako bat: ikasteko eta irakasteko prest, urrats berriak emateko gertu, disziplinartekotasunerako zabalik, eta, bere doktorego-tesian ikusten den moduan, nazioartera begira, erroak Euskal Herri gertuan ondo sustraiturik. Arinegi joan da. Datorren ostiralean (abuztuaren 26an) emango diogu azken agurra, familiarekin eta lagunekin hurrean, UPV/EHUren Leioako Arboretumean, arratsaldeko 18:00etan.