Ikertzaile gazteen prekarietate-egoera salatzeko, erreklamazioak aurkeztu dituzte EHUko erregistroetan

Topatu.eus 2018ko eka. 22a, 19:07

Erreklamazioak aurkeztu dituzte EHUko erregistroetan. TOPATU.EUS
EHUko doktoretza aurreko ikertzaileek protestak egin zituzten atzo Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako campusetan. Kontratu-amaieragatik kalte-ordainak eskatzeko erreklamazioak aurkeztu dituzte unibertsitateko erregistroetan.

"Gaur egun, doktoretza aurreko langile kontratuek ez dute kalte–ordainik jasotzen EHUrekin duten kontratua amaitzean", salatu dute Doktoretza Aurreko Ikertzaileen Asanbladako kideek; era berean, orain arte eginiko erreklamazioek ezetz edo erantzun eza jaso dutela adierazi dute. Ikerlariek azaldu dutenez, ordea, Langileen Estatutuaren arabera, ikertzaileek kalte–ordainak jasotzeko eskubidea dute. Hala ere, EHUk kontratu horiek formakuntzara bideratutakoak direla defendatzen omen du, kalte ordainak ez ordaintzeko. 

EHUko erregistroetan aurkeztutako erreklamazioak Euskal Herriko Aurre-doktoreen Asanbladak gidatutako doktoretza aurreko ikertzaileen eskubideen aldeko borrokaren parte direla esan dute. 

"Kontratu amaierako kalte ordainetarako eskubidea eta horien formakuntzako izaera deuseztatzea aldarrikatzeaz gain", Aurre-doktoreen Asanbladak EHUko beste ikertzaileen kontratuekiko soldata parekatzea eta doktoretza aurreko langileak EHUko Irakasle eta Ikertzaile Pertsonalaren Hitzarmen Kolektiboan sartzea eskatzen du.

[Artikulu hau TOPATU.EUS-ek plazaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker argitaratu dugu HIRUKAn]

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun