Lankide baten heriotza salatuko dute gaur EHUn

Iker Rincon Moreno 2018ko uzt. 10a, 10:51
Ondorengo egutetan salatu zuten lan-istripua, Bilboko Ingeniaritza Eskolan. © STEILAS

LAB, Steilas, CCOO, UGT eta ELA sindikatuek ordu beteko lanuztea deitu dute 12:00etatik 13:00etara. Horrez gainera, kontzentrazioa egingo dute, 12:15etik 12:45era, Leioako campuseko Mikel Laboa plazan. Leihoa.info agerkariak jakinarazi duenez, hilabete eta erdia koman egon ostean, bariku arrastian zendu zen Bilboko Ingeniaritza Eskolako langile bat; lantokian izan zuen istripua, maiatzaren 21ean.

Maiatzaren 21ean, Bilboko Ingeniaritza Eskolan, istripu larria gertatu zen: aldez aurretik, intzidentea eta istripua gertatutako emergentzia-irteerako ate batetik sartutako langile bat eskaileretatik behera erori eta kolpe larria jo zuen buruan. Horren ondorioz, konortea galdu zuen eta larrialdi-zerbitzuek Gurutzetako ospitalera eroan zuten; bertan eman du hilabete eta erdia, koman. Azkenean, ezbeharra heriotza bilakatu zen iragan bariku arrastian.

LAB sindikatuak gertatutakoa salatu zuen: aipatu eskailerek ez zutela aplikatzen zaien araudia betetzen eta beste zenbait irregulartasun salatu zituen. Gainera, ordutik pasatutako denbora osoan istripuaren inguruko informaziorik ez dutela jaso salatu du LABek; ez Osalanetik, ez Lan Ikuskaritzatik, ezta EHUko Zuzendaritzaren aldetik ere.

Zabaldutako komunikatuan, EHUn "unibertsitateko langileek bizitza galtzerainoko istripuak gertatzen jarraitzea" deitoratu dute LAB, Steilas, CCOO, UGT eta ELA sindikatuek. Horrexegatik, “langile guztiei burutuko diren ordubeteko lanuzteetan eta kontzentrazioetan parte hartzera" dei egiten diete.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun