EHUko Kimika Analitika Saileko Haizea Ziarrusta ikertzaileak frogatu duenez, botika eta eguzki-kremen osagai ugari heltzen da itsasora. Horiek arrainetan metatzen dira, eta ondorioak eragiten dituzte animalien metabolismoan. Zehazki, amitriptilina izeneko antidepresiboa, ziprofloxazin antibiotikoa eta oxibentzona ultramore-iragazkia topatu ditu Ziarrustak arrainetan. Azaldu duenez, plasman, burmuinean eta gibelean eragiten dute horiek.
Ikertzaileak dioenez, kutsatzaileen kontzentrazioa kezkatzekoa da, "kontsumoa gora baitoa eta ez gara gai araztegietan horiek ezabatzeko". Horrez gain, azaldu du ez dakiela zenbaterainoko eragina izango duen horrek indibiduo mailan: "Arrainetan metatzen diren kutsatzaileak gizakiengana heltzeko arriskua dagoen jakin beharra dago. Beste kutsatzaile edo espezie batzuen joerak ikertzeko erabili daitezke guk garatutako hurbilketa analitikoak, eta, hala, aukera dago ingurumen-arriskuak ebaluatzeko funtsezko informazioa biltzeko".