Basque Center for Climate Change (BC3) erakundeak klima-aldaketaren eraginak, ondorioak eta konponbideak aztertzen dihardu 2008tik. Leioako campusean dute egoitza, eta euren bulegoetatik metro gutxira paratu dute Larrialdi Klimatikoa erakusketa, unibertsitatearen liburutegi nagusian.
"Gaur egungo gizartearen erronkei aurre egiteko behar den ezagutza sortzeko eta zabaltzeko beharrezkoak diren informazio-baliabideak unibertsitarioen eta gizartearen esku jartzea du helburu erakusketak", azaldu dute. Gogorarazi dutenez, aspaldi ohartarazi zuten zientzialariek Lurra berotzeak ondorio larria ekarriko zituela; ondorio horietako batzuk igartzen hasita gaude honezkero, baina urtez urte egiten diren goi-mailako bilerek ez dute ekarri mehatxuaren pareko neurririk.
"Gure ekonomiak CO2 isuria azkar gutxitzeko neurriak lehenbailehen hartzeko gai ez badira, ingurugiro-hondamendiak eguneroko kontuak izango dira", adierazi dute. Gehitu dutenez, industrializazioaren aurreko garaietatik tenperatura globala 1,5 ºC ez igotzeak izan behar du, zientzialarien esanetan, gizateriaren lehentasunezko helburua. Daborduko gradu batekoa da igoera hori, gutxi gorabehera.