"Jaurlaritzak osasun publikoa erabili du argudio modura, koronabirusa dela eta arrisku-egoeran gaudelakoan", azaldu dute, "eta langileei etxetik lan egiteko aholkatzen die, baina gu garbitzera joatera behartzen gaituzte". Lan Sailak oinarrizko eskubide bat besterik gabe ezabatu duela adierazi dute, Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean egindako elkarretaratzean.
Martxoaren 2an ekin zioten bost asteko grebari, besteak beste EHUren Leioako campusean. "Borroka-egun hauetan agerian geratu da gure lanaren garrantzia", adierazi dute; "garbiketa-zerbitzua funtsezkoa da hezkuntza-komunitatearentzat, gu greban bagaude ezin da normaltasunez jardun. Eta gure egitekoa are garrantzitsuago bihurtzen da orain bezala krisi-egoerak daudenean". Haien ustez, Jaurlaritzak uste badu osasunerako benetako arriskua dagoela, ikastetxeak ixteko agintzea da logikoena. "Aldiz, betikoen gainean ipini du erantzukizunaren zama: emakume garbitzaileen gainean".
Gutxieneko zerbitzuen agindua haserre baina "erantzukizunez" jaso dutela gaineratu dute. "Hala ere, erantzukizun berdina izan dezatela eskatzen diegu gatazka honetako beste eragileei. enpresa esleipendunak, Hezkuntza Saila eta EHU. Hanka eta bururik gabeko egoera hau gainditu dezatela, eta jaramon egin diezaietela hezkuntzarako funtsezkoa dela erakutsi duen kolektibo baten aldarrikapenei". Azkenik, iragarri dute osasun-krisia igarotakoan borrokara itzuliko direla.