Atzo, martxoaren 16an, urtebete pasa da formakuntzan dagoen Ikertzaile Doktoregaien Estatutua (103/2019 Errege Dekretua, “EPIF” bezala ezaguna) onartu zela, doktore-aurreko ikerlari guztiei baldintza berdinak ezartzen zizkiena. Besteak beste, Estatuko beste unibertsitate batzuetan jada ordaintzen diren gutxieneko soldatak, baina gaur egun EHU aplikatzeari uko egiten ari dena. Jakin badakigu kasu gehienetan ez dituela ordaindu eta ez duela urte osoa ordaintzeko asmorik ere. Honi gehituta, legez dagokigun langile publikoei ezarritako soldataren % 2ko igoera ordaintzeari ere uko egin dio, eta administrazio desberdinen eskutik FPU bekadunek pairatzen duten babes faltagatik ondorio garratz bat ateratzen dugu: Covid-19 gisako pandemiei aurre egiteko gazteriak, ikerkuntzak eta zientziak duten garrantziaz harrotasunez hitz egiten badute ere, unea iritsita hutsaren hurrengoa bagina bezala tratatzen gaituzte.
Egin ditugun bilera, elkarrizketa, eskari, idatzi, kontzentrazio guztien arren, komunikabideetan arazoak izan duen presentziaren eta gizarteko babes erakustaldien arren, bitartekaritza laboral eta eskakizun judizialen arren, badirudi EHUk uste duela gai honek ez duela zerikusirik berarekin, nahiz eta gure kontratuetan agertzen den enplegatzailea izan. Urtebete honetan jaso dugun bakarra mespretxua izan da. Era paternalista batean hitz egin digun errektore taldearen nagusikeria. Nekane Balluerka errektoreak komunikabideetan emandako erantzun bakoitzean erakutsi du gure egoera ez duela batere ezagutzen, edo nahiago izan duela bestelako istorio bat kontatu errealitatea aitortzea lotsagarriegia zelako. Ez gaude lau txanponi buruz hizketan, soldata prekarioak jaso eta ikerkuntza uzten bukatzen duten milaka pertsonen eguneroko bizitzez baizik. Hutsune legalek eta EHUren botere posizioak gehiegikeria hauek posible egiten ditu, baina bidegabekeria geroz eta nabariagoa da gizartearen begietara.
Unibertsitatearen utzikeria pairatzen genuen bitartean gure begiekin ikusi dugu nola iruditegi korporatiboak ikerlari gazteak baliatzen dituen, zeintzuek, ziurtasun osoz, bizitza proiektu bat ordaintzeko ezintasunean aurkitzen diren instituzio honek ordaintzen dienarekin. Lan eskubideak betetzerako orduan “kontratudun ikasle arraro” batzuk garela ikusi dugu, baina Covid-19agatik itxitako lantokietara joanez gure osasuna arriskatzerako orduan bai langileak garela. Dirurik ez dagoelako ordaintzen ez dutela entzun behar izan dugu, unibertsitateak milioietako funts-hornidura kudeatzen dituen arren, bere ardura denean zorrak ordaintzeko aurrekontuak ezartzea.
Zoritxarreko urtebetetze hau “ospatzeko”, Euskal Herriko Doktoregaien Asanbladatik ondorengo galderak helarazi nahi dizkiogu EHUri eta euskal gizarte osoari:
- Zein motatako errektore taldeak onar dezake funts publikoen kudeaketa eraginkorrari eta zorren ordainketari aurre egiteko ezintasuna?
- Imajina genezake nagusi bat bere langileei esanez bere kudeaketa ezintasunaren erruz ezingo diela soldata ordaindu?
- Ausartuko litzateke jarrera hau izaten katedradunen aurrean, edo gaztez eta babes legalik gabeko pertsonez osaturik ez dagoen beste edozein langile kolektiboren aurrean?
- Azkenik, Covid-19aren agerraldi honen aurrean, uste al du unibertsitate honek zilegitasuna duela gizartearentzat erabilgarria dela aitortzeko?
Hasieran aipatu dugun bezala, osasungintzako eta ospitaleetako profesionalen, jagoleen, garbitzaileen eta gutaz zaintzen duten sektore guztien lan onari esker soilik gaindituko dugu bizi dugun osasun larrialdi hau, aitortza jaso ala ez. Berrikuntza eta ikerkuntza zientifikoan aurrerapenak egiten ditugun pertsonok ere gure papera beteko dugu. Hau dena EHUren menpe balego, azken urtean egiaztatu dugun gisa, baliteke inoiz ez burua altxatzea.