Koronabirusa Uribe Kostan

LABek salaketa ipini dio EHUri Lan Ikuskaritzan, AZPko langileak jarduera presentzialera itzultzea geldiarazteko eskatuz

Unai Brea 2020ko mai. 14a, 12:49

Argazkia: XABIER CAÑAS

LAB sindikatuaren EHUko atalak eskatu du Administrazio eta Zerbitzuetako Pertsonala (AZP) jarduera presentzialera bueltatzea gelditzeko, "harik eta salatutako eskubide-urraketak konpontzen diren arte eta langileen osasunerako eta segurtasunerako eskubidea modu eraginkorrean bermatzen den arte". Hori lortzeko, salaketa ipini zuten atzo Bizkaiko Lan Ikuskaritzan.      

LABen esanetan, COVID-19 pandemiaren ondorioz EHUk hartu dituen erabaki gehienak "sindikatu eta lan-osasuneko ordezkariekin zein Lan Segurtasun eta Osasun Batzordeen aldez aurreko parte-hartzerik eta ezagutzarik gabe jarri dira indarrean". Besteak beste, birusarekiko "talde kalteberen langileekin UPV/EHU izaten ari den jokabidea" salatu dute: "Errektoreak berak onartutako lehen Itzulera Planean jasotakoa ez da betetzen ari, hots, aurrez aurreko lanera itzultzekotan, talde horietako langileak izango zirela azken txandan sartuko zirenak".  

Unibertsitateko gerentziak informazio asko ukatu diela eta bilera batzuen deialdiak prestatzeko ia denbora barik egin dizkietela ere adierazi dute. Joan den astelehenean bilera ez-formala egin zuten gerenteagaz,  "eta horrek behintzat gauza batzuk argi uzteko balio izan zuen", dio LABek, "lehenik eta behin UPV/EHUko errektoreak ez duela ezelako asmorik langileon osasun-egoera testeatzeko; gerentearen esanetan 'behartzen ez gaituzten arte', behinik behin". Erabakiak beste inoren iritzia kontuan izan barik hartzea ere leporatu diote gerentziari. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun