Ikasleen artea inkesta zabaldu zuen Zaintza Sareak, "bere egoeraren berri eman nahi zuen ikasle orok hitza hartzeko beta eduki zezan". Diotenez, erantzunetan askotariko egoerak aipatu dira, baina alderedi bi gailendu dira besteen gainetik. Batetik, "ikasleak jasaten ari ziren lan-karga handia eta ikasgaien dinamikari jarraitzeko ezintasuna". Bestetik, baliabide-falta.
Lehengoari dagokionez, ikasle asko itolarrian egon direla adierazi du Zaintza Sareak, "estresak eta inpotentziak jota". Erakundeek informazio gutxi eman izan gehitu beharko litzaioke horri, batik bat ebaluazioaren gainean. "Ikasleok ez genekien noiz eta nola ebaluatuak izanen ginen".
Beste alde batetik, Zaintza Sarearen esanetan inkestak agerian utzi du uste baino ikasle gehiagok izan dituztela zailtasun teknikoak ikasketak aurrera ateratzeko. "Wi-fi konexiorik eta ordenagailurik ez duen ikasle-kopurua handiegia da", adierazi dute. Gainera, ordenagailua izan arren etxeko beste pertsonakaz partekatu beharra dute batzuek, eta horren ondorioz ezin diote eskolen dinamikari jarraitu. Beste batzuei konexioaren kalitate eskasak zaildu die lana.
"EHUk ez ditu kontuan hartu pandemiaren eraginak"
"Oro har, EHUk, ikasketa neurriak hartzerakoan, pandemia batek sor ditzakeen eraginak kontuan hartu ez dituela uste dugu Leioako Campuseko ikasleok", diote. "Norberaren eta ingurukoen egoerari aurre egiteko pausorik eman ez duela sentitzen dugu". Ifrentzuan, hainbat irakaslek izandako jarrera eskertu gura izan dute, "gure egoera hobetu nahian erakutsi duten prestutasun eta malgutasunagatik".
Inkestak agerian utzitako egoera fakultate bakoitzean ezberdina dela ikusta, ikastetxez ikastetxeko arduradunei bidali dizkiete jasotako emaitzak eta aldarriak. Haatik, haiengandik jasotako erantzunak kritikatu dituzte, irtenbideak bilatzeko borondaterik agertu ez dutelakoan. Oro har, erantzunotan ikasleak umeen pare jarri eta unibertsitatea biktima balitzan agertu dela salatu dute.