Hasi da EHUko errektorea aukeratzeko kanpaina

Erredakzioa 2020ko aza. 9a, 18:21

Azaroaren 26an egingo dira EHUko errektorea aukeratzeko hauteskundeak, eta hautagai bakarrak aurkeztu du bere burua Nekane Balluerkaren lekua hartzeko: Eva Ferreira Ekonomia Aplikatuko katedradun eta Unibasq agentziako zuzendari ohiak. Haren aldeko botoa eta boto zuria ematea izango dira aukera bakarrak; errektore izateko, Ferreirak bozen heren bat lortu beharko du gutxienez.

COVID pandemiak baldintzatuko du gaur hasi den hauteskunde-kanpaina. EHUk azaldu duenez, botoa aldez aurretik emateko epea luzatu egin da, eta honenbestez, kanpainak dirauen bitartean (azaroaren 9tik 23ra) unibertsitateko kolektibo guztietako kideek (ikasleak, administrazio eta zerbitzuetako langileak, eta irakasle-ikertzaileak) botoa aldez aurretik emateko aukera izango dute, Nortasun Agiri Nazionalaren kopia bat erakutsita, unibertsitate erakundearen eraikin, fakultate edo eskola bakoitzean egokituko den bulego edo bestelako guneren batean. Era berean, kanpainako ekitaldi asko aurrez aurrekoak ez izatea aurreikusten da.

Boto haztatua

Unibertsitateko kide guztiek boto-eskubidea dute, baina azken emaitza boto haztatuaren araberakoa da. Hau da, bozak kolektibo bakoitzerako aurreikusitako sektoreari atxikiko zaizkio, EHUren hauteskunde-araudian ezarritako baremo honen arabera:

  • Irakasle doktore iraunkorrak: %56,25
  • Irakasle doktore ez-iraunkorrak: %7,50
  • Gainerako irakasle-ikertzaileak: %2,09
  • Ikasleak: %22,08
  • Administrazioko eta zerbitzuetako langileak: %12,08

Hautagaitza bakarra aurkezten denean, oraingoan bezala, aukeraketa itzuli bakarrean erabakitzen da. Hautesleek aurkeztutako hautagaitza bozkatu edo boto zuria eman dezakete. Hautagaia errektorea izan dadin, aldeko botoen heren bat lortu beharko du gutxienez, ezarritako ehunekoen araberako botoen haztapena egin ondoren.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun