Pertsona bat atxilotu dute Leioako campusean eskopeta bategaz tiro egiteagatik

Iker Rincon Moreno 2021ko urr. 13a, 19:33

Eskopeta bat eskutan, gizon bat EHUko Leioako campusera sartu da gaur arrastian, 18:50ak aldera, eta hainbat tiro egin ditu airera. Ertzaintza gunera bertaratu da, eta daborduko erasotzailea atxilotu du, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak HIRUKAri jakinarazi dionez.

Arrastiko 18:50ak aldera, Leioako campusera eskopeta bategaz sartu den gizonezko baten berri eman dio Ertzaintzari ikasle batek. Dirudienez, erasotzaileak hainbat tiro egin ditu Zientzia eta Teknologia fakultatearen barrutik, eta eraikinaren leiho batzuk hautsi ditu.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, Ertzaintzak operatiboa martxan jarri du campusean, eta bertan zeuden guztiak desalojatu ditu.

19:30erako, HIRUKAk jakinarazi duenez, poliziek armatutako gizona atzeman eta atxilo eraman dute. Ez da zauriturik egon.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun