Pertsona migranteen baldintzak erregularizatzearen aldeko Legegintzako Herri-Ekimena aurkeztu gura dute Espainiako Diputatuen Kongresuan hainbat eragilek. Horretarako, proposamena babesten duten 500.000 sinadura bildu behar dituzte eta, horretarako, hainbat mahai jarri dituzte egunotan. Hurrengo saiakera eguaztenean, hilaren 30ean, egingo dute, Leioako campusean. Bertan, 11:00etatik 14:00etara, 18 urtetik gorakoek eta NANa indarrean dutenek sinatu ahal izango dute eskaera.
Ekintzaileek azaldu dutenez, egoera administratibo irregularrean dagoen pertsona bat "etengabeko eskubide urraketara kondenatuta" dago. Izan ere, gogoratu dutenaren arabera, gizon-emakume horiek ez dute lan-eskubiderik, eta, horren ondorioz, horietako asko ustiatuta egoten dira lanean. Batzuetan, gainera, giza-salerosketaren eta sexu-esplotazioaren biktima dira, eta, halaber, funtsezko zerbitzu publikoetatik baztertuta egoten dira. "Migratzaileak ikusezinak dira administrazio publikoko gaietan", azpimarratu dute.