Gaur, martxoaren 30ean, egin duten jardunaldia Jaengo Unibertsitateko Mª Paz López-Peláez Casellasek hasi du, Garapen Jasangarrirako Helburuen (GJH) aurreko pedagogia kritikoari buruz berba egiten. Ondoren, Katia Huesok, Saltamontes BosquEskolakoako kideak Naturan heztea: planeta hobe baterako pertsona hobeak gaia izan du hizpide.
UNESCO Etxetik, Nieves Fernandezek hezkuntzaren bitartez jasangarritasunerantz eraldatzeari buruzko prozesuaren inguruan berba egin du, eta horren ondoren, Intered Fundazioko Guillermo Aguadok hezkuntza-esperientzien iraunkortasun-irizpideak eskaini ditu. Urduñako eskolak Elikadura gure ardura jantokiaren esperientzia proiektua aurkeztu du, eta goiza amaitzeko, garapen iraunkorrerako hezkuntza estrategiak partekatzeko mahai-ingurua egin dute.
Naiara Berasategi Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak eman dio hasiera arratsaldeko saioari Eskola Bideak, autonomia eta umeen mugikortasuna proiektuaren aurkezpenagaz. Jardunaldia amaitzeko, Zubitxu, Enham Espazioa eta Erlaitza erakundeetako Naiara Beldarrain, Maitexa Aincy eta Ria Hansen egon dira, GJHak hezkuntza-esperientzietan ezartzeko erronkak mahai-ingurua dinamizatu dutenak, eta ondoren eztabaidarako, hausnarketarako eta itxierarako tarte bat ere egon da.
Jarduera horien bidez, Bilboko Hezkuntza Fakultateak eredu eta pedagogia berriak hurbildu gura izan ditu, ikasleei eta irakaskuntzako profesionalei egungo hezkuntza-errealitatearekiko ikuspegi eta harreman zabala eskaintzeko, hain zuzen ere.