Herri Unibertsitateak otsailaren 22an, goizeko 10:00etan, emango dio hasiera aurtengo edizioari. Goiz horretan, lau hitzaldi antolatu dituzte: "Teoria marxista eta klase borroka", "Mundu multipolarra eta gerra Ukrainan", "Francoren iraultza pasiboa", eta "Gramsci, klase borroka eta kultur gerra". Hurrenez hurren, Andres Piquerasek, Rafael Pochek, Jose Luis Villacañasek eta Aitor Bizkarrak eskainiko dituzte saio horiek; azken horretan, Txaber Ormazabalek elkarrizketatuko du Bizkarra.
Arrastian beste hainbat hitzaldi egongo dira, besteak beste: "Marxismoa, feminismoa eta marxismo feminista", Nadia Perezek eta Mireia Bedmarrek landuta, hezkuntza eredu sozialistaz arituko dira Saioa Galarraga eta Ainhoa Vidal, eta, azkenik, "Urtarrilaren 28 osteko testuinguru politikoa eta erronka nagusiak" izeneko berbaldia garatuko du Gazte Koordinadora Sozialistak. Horrez gain, iluntzean, Edu Zardoyaken kontzertu akustikoa prestatu dute.
Herri Unibertsitateko bigarren egunean, otsailaren 23an, beste lau hitzaldi egongo dira: "Literaturaren dendaostean barrena" izenekoan, Uxue Alberdi elkarrizketatuko du Paul Beitiak; ondoren, "Euskal alderdi nazionalisten hizkuntza politiken kritika" egingo dute Garazi Navarrok eta Naroa Aranburuk; jarraian, Euskal Nazio Askapen Mugimenduan klase borrokak eduki duen izaeraz jardungo du Dani Askunzek, eta botere sozialistaren egituraz mintzatuko da Kolitza.
Bukatzeko, urtero legez, 14:00etan manifestazio bat egingo dute Leioako campusean, eta, iluntzerako, ikasleek hainbat ekimen egingo dituzte: Ekida Arte Ekimen Sozialistaren bertso-ikuskizun bat, eta hainbat kontzertu.