EHUko irakasle eta ikerlarien prekarizazioa salatzeko agerraldia egin dute Leioako campusean

Ander Zarraga 2023ko ira. 20a, 13:10

ELA, LAB, CCOO eta Steilas sindikatuek greba deialdia egin dute EHUko irakasle eta ikerlarien egoera prekarioa salatzeko. © LAB SINDIKATUA

Beraien egoera prekarioa salatzeko urriaren 11n greba egingo dutela iragarri dute EHUko irakasle eta ikerlariek. Halaber, gaur Leioako campusean egin duten agerraldian, besteak beste, Errektoretzak Unibertsitate Sistemaren Lege Organikoaren interpretatze eta aplikatze interesatua egiten duela salatu dute. 

Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle eta ikerlariek beraien lan-baldintza prekarioak salatzeko egin duten agerraldiagaz abiatu da ikasturtea. Gaur goizean izan da, Leioako campuseko Mikel Laboa plazan, eta ELA, LAB, CCOO eta Steilas sindikatuek deialdia baliatu dute egoera hori salatzeko urriaren 11n greba egingo dutela iragartzeko.

Sindikatuen ordezkariek azaldu dutenez, Errektoretzak Unibertsitate Sistemako Lege Organiko berriaren USLOren irakurketa interesatua egiten du, eta horrek eragin zuzena du irakasleen kontratu berrietan. Gaineratu dute egoera lehendik datorren arazo bat dela eta irakasle eta ikerlari guztiei eragiten diela. Beraien ustez, "egiturazko arazoak" daude guzti horren atzean, eta, batik bat, euskal unibertsitate publikoak duen finantziazio desegokiaren ondorioa dira. 

"Legearen aplikazio interesatuak eragindako aldaketak bideraezin bihurtzen du ordezko irakasleen jarraipena, lanaldi osoko ordezkapenak ia ezabatuz, eta gehienez 800 euroko ordainsariak dituzten plazak eskainiz, enplegu egonkorra duten lankideen lan-kargan eta, batez ere, ikasleek jasotzen duten irakaskuntzaren kalitatean eraginez. Ikasturte-hasiera honetan larriagotzen ari diren arazoak", salatu dute EHUko prekarioen koordinadorak.

Greba-deialdia

Sindikatuek argudiatu dutenez, "EHUn mobilizazio sendo bat abiatzeko arrazoi ugari" dituzte, beraz, urriaren 11n sindikatuek grebara deitu dituzte unibertsitate publikoko irakasleak eta ikerlariak. Beraien aldarrikapenen artean eskatzen dute ordezko irakasleentzako lanaldi-osoak eta lanaldi partzialetan dauden ordezkoen aktibitateak onartzea, irakaskuntza-zama arintzea, soldatak galdutako eros-ahalmena berreskuratzeko adina handitzea eta EHUko finantziazioa EAEko BPGren % 1era heldu arte areagotzea.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun