Azken 40 urteotan euskararen ezagutza igo bada ere, erabilera jaisten ari dela adierazten dute inkesta soziolinguistikoek, baia Euskal Herriko tokirik euskaldunetan ere. Gauzak horrela, Naziogintza taldeak hainbat proposamen linguistiko prestatu ditu; izan ere, ohartarazi dutenez, "gaur egungo hizkuntza-politikekin jarraituz gero, ezinezkoa da euskarak aurrera egitea".
Proposamen horiek plazaratu eta herritarren iritziak eta ekarpenak jasotzeko, hitzaldia eskainiko du eguaztenean Josu Alberok. 12:00etan izango da, EHUko Leioako campuseko Adela Moyua aretoan, Zientzia eta Teknologia fakultatean.
Naziogintza taldekoen ustez, ezinbestekoa da EAEn Hizkuntza Lege berri bat martxan jartzea, besteak beste, "tratamendu linguistiko berezia eman beharko lieke gure arnasguneei, hots, gure herri eta eskualde euskaldunenei, lurraldetasun linguistiko printzipioa aplikatuz bertan, Belgikan, Suitzan edo Kanadan egiten den modu berean".