Gizon bat atxilotu dute Leioako campuseko emakumeen komunetan grabatzeagatik

Ander Zarraga 2024ko api. 22a, 17:26

Gertakariak aurreko astean jazo ziren, Arte Ederretako eta Zientzia eta Teknologiako fakultateetan.

Joan de astean, Eiki EHU Leioako campuseko neska* gazteen taldeak salatu zuen Arte Ederretako eta Zientzia eta Teknologiako fakultateetako emakumeen komunetan gizon bat argazkiak ateratzen aritu zela. Jakinarazi dute gizona atxilotua izan dela, baina horren aurrean poliziak, EHUk eta segurtasun enpresak erakutsitako "jarrera pasiboa" gaitzetsi dute.

Sare sozialetan zabaldutako komunikatuan azaldu dutenez, ustezko erasotzaileak mugikorragaz argazkiak eta bideoak atera zituen fakultateetako emakumeen komunetan, horman egindako zulo baten bitartez.

Halaber, egoera horren aurrean, poliziak, EHUk eta bertako segurtasun enpresak izandako jarrera pasiboa "onartezina" izan dela ere deitoratu dute. Salatu dute segurtasun arduradunei lehen momentutik erasoa jakinarazi zieten arren, ez zutela inolako neurririk hartu "froga nahikorik ez zegoela argudiatuta".

Jakinarazi dute apirilaren 19an poliziak ustezko erasotzailea atxilotu zuela, bigarren aldiz Zientzia eta Teknologiako fakultatean ikusi zutenean. "Lotsagarria da gauza bera bi aldiz gertatu behar izatea autoritateek neurriak hartzea erabakitzeko", adierazi dute.

Era berean, unibertsitateari egotzi diote "sistema patriarkalaren" instituzio bat dela eta  gertatutakoarekiko erantzun faltagaz "hori erreproduzitzen jarraitzen duela", horren aurrean erantzun egokia emateko gai ez direlako izan. Gaineratu dute gertakariak argi utzi duela ikasle emakumeek ez dutela gune segururik, "eta Hezkuntza Sistemaren zein Unibertsitatearen aldetik jasaten dugun zapalkuntza oraindik".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun