Sareetan argitaratu duten oharrean iragarri dute gaur, maiatzak 6, elkarretaratzeak egingo dituztela "mundu osoan Palestinaren alde mobilizatzen ari diren diren ikasleei elkartasuna adierazteko". Horrez gain, kanpalekuak ere egingo dituzte Euskal Herriko unibertsitateetako campusetan.
Oharrean salatu dutenez, "Israelgo estatuak sei hilabete baino gehiago daramatza inpunitate osoz Gaza suntsitzen, palestinarrak bere lurretatik kanporatzen eta gerra ekialde hurbileko beste herrialdeetara zabaltzeko ahaleginak egiten". Halaber, azpimarratu dute Israelek 30.000 palestinar baino gehiago erail dituela, "eta genozidioa bere amaieratik urrun dagoela".
Horren aurrean, mundu osoko unibertsitateetako ikasleek Palestinar herriari erakutsitako elkartasuna goraipatu dute, baina salatu dute horien aurkako erantzuna bortitza ari dela izaten: "Poliziak milaka ikasle atxilotu ditu dagoeneko eta sionistak protestak erasotzen ari dira toki askotan".
Hori dela eta, "mundu osoko ikasleen lekukoa hartu" gura dutela iragarri dute, eta kausa Palestinarraren alde mobilizatzen ari diren ikasleei elkartasuna adierazteko kanpaldiak antolatuko dituzte Hego Euskal Herriko unibertsitateetako campusetan. Leioaren kasuan 17:00etan jarri dute hitzordua eta ekintzak egingo dituzte gaur arratsaldean eta bihar.
🇵🇸| Palestinaren askatasuna aldarrikatzeko eta mundu osoan zehar Palestinaren alde mobilizatzen ari diren ikasleei elkartasuna adierazteko akanpadak antolatu ditugu Hego Euskal Herriko kanpusetan.
— Ikasle Abertzaleak (@IAbertzaleak) May 4, 2024
Palestina askatu!#StudentsForGaza pic.twitter.com/JpztNy5GKU