Joxerramon Bengoetxea EHUko errektore hautatu dute, botoen % 63agaz

Ander Zarraga 2024ko aza. 27a, 09:36

Joxerramon Bengoetxea katedraduna erdian, bere taldeagaz EHUko hauteskundeetan lortutako garaipena ospatzen. © EHU

EHUko errektorea hautatzeko hauteskundeetan Joxerramon Bengoetxearen hautagaitza gailendu zaio Eva Ferreirari, emaitza hauekaz: Bengoetxeak % 63,63 eta Ferreirak % 36,37. Hala, Zuzenbidearen Filosofiako katedraduna unibertsitateko buru izango da sei urtez, unibertsitateko lege berriagaz berritu ezin den lehen agintaldian.

Joxerramon Bengoetxea Zuzenbidearen Filosofiako katedraduna izango da Euskal Herriko Unibertsitateko hurrengo errektorea, atzo, azaroak 26, egindako hauteskundeetan boto haztatuaren % 63,63 irabazi ostean. Eva Ferreira orain arte errektorea izan denak, berriz, botoen % 36,37 lortu zituen. Emaitza horrek aldaketa nabarmena ekarri du azken hamarkada bietan unibertsitateak ezarri duen gobernu-ildoan, Juan Ignacio Perez Iglesias errektore ohiagaz lotutako pertsonak buru direla.

Bengoetxearen eta EHUren Denon Artean hautagaitzaren garaipena gobernantza-eredu horizontalago, kooperatiboago eta erakundearen karga burokratikoa murriztera bideratuagoaren proposamenaren babes gisa interpretatzen da. Bere agintaldia, 2/2023 Lege Organiko berriaren pean luza ezin daitekeen sei urteko lehena, aldaketa-apustu hori sendotzeko erronkagaz abiatuko da, gero eta gaitasun akademiko eta ikertzaile handiagoa duen testuinguru batean.

Azaroaren 8tik 24ra izan den kanpainaren pasarterik eztabaidagarriena Guillermo Quindos errektoreordeak, Ferreiraren taldeko kideak, piztutako polemika izan zen. Quindosek sare sozialetan kontu faltsu bat erabili zuen Bengoetxearen aurkako difamazio-mezuak argitaratzeko. Iruzkinen artean, Quindos Bengoetxearen taldea "pijoflautatzat" jo zuen eta lider totalitarioakaz alderatu zuen; identifikatua izan ondoren, dimisioa aurkeztu zuen, ezeztaezina, Ferreirak onartua.

Sektorekako emaitzak

Hauteskundeotara deitutako 50.590 lagunetatik 11.081ek eman zuten botoa atzo, 10.469 boto baliodun, 530 boto zuri eta 82 baliogabegaz. Sektoreka, Bengoetxeak abantaila nabarmena lortu zuen funtsezko hainbat kolektibotan: irakasle eta ikertzaile doktore iraunkorrak: 976 boto Bengoetxeak eta 777 Ferreirak; ikasleak: 4.790ek Bengoetxeari bozkatu zioten, Ferreiraren 1.257ren aurrean; eta, azkenik, kudeaketa eta Administrazio eta Zerbitzuetako teknikariak (PTGAS): 874 boto Bengoetxeak eta 394 Ferreirak. Horrenbestez, ikasleen sektoreak, bereziki, berebiziko garrantzia izan zuen, berritzeko gogo orokorra islatuz.

Hala, Bengoetxearen garaipenak Juan Ignacio Perez Iglesias errektore ohiagaz lerrokatutako gobernuen 20 urteko aldiaren amaiera ekarri du. 2004az geroztik, Iñaki Goirizelaia, Nekane Balluerka eta Eva Ferreira errektoreek ildo bera jarraitu dute, hautaketa berriagaz hori eten egin duten arte, apustu berritzaile baten ondorioz.

Bengoetxea errektore hautatua izateko behin-behineko izendapena atzo arratsaldean egin zuten. Hala ere,  abenduaren 2a baino lehen aurkaratzerik aurkezten ez bada, hil horretako 3an egingo da behin betiko izendapena. Emaitza horregaz, unibertsitate-komunitateak kapitulu berri bat irekiko du, modernizazioa, entzute aktiboa eta ikuspegi inklusiboagoa agintzen duen lidergoaren alde eginez.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun