EHUko Erizaintzako ikasle batek jazarpena eta tratu desberdina salatu ditu

Izaro Garcia 2026ko ekainaren 1a

EHUko Kanpo Praktiken Batzordeak Practicum IIIko praktikaldia eten dio ikasleari.

Ikasleak ikusmen-arazoengatik eskaturiko egokitzapen akademiko baten eta betaurreko adimendunen auziaren ondoren kokatu du gatazka. Orain, EHUko Kanpo Praktiken Batzordeak Practicum IIIko praktikaldia eten dio, "jardunari lotutako gorabehera" bat argudiatuta, baina ebazpenak ez du argitzen zer gertatu zen, noiz, ezta zer frogatan oinarritu den erabakia ere.

Erabakia martxoaren 31n hartu zuen Kanpo Praktiken Batzordeak, eta hurrengo egunean jakinarazi zioten ikasleari, Praktiketako Dekanordeak sinatutako idazki baten bidez. Ebazpenaren ondorioz, praktikak bertan behera geratu dira, eta ikaslea "ez aurkeztua" gisa kalifikatu dute.

Kasua ez da momentuko gorabehera isolatu gisa ulertzen; izan ere, ikasleak berak HIRUKAri azaldu dionez, gatazka aurreko ikasturtetik dator, Farmakologia irakasgaiko ebaluazio-irizpideen aurka hainbat ikaslek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu zutenetik. Errekurtsoa ikasleen alde ebatzi zen, baina, haren esanetan, ordutik aurrera presioa, zaintza berezia eta tratu desberdina sumatu ditu irakasle batzuen aldetik.

Horri gehitu zaio ikusmen-arazoengatik eskatutako egokitzapen akademikoaren auzia. Ikasleak azterketako testua handituta jasotzeko eskaera egina zuen, graduazioagaz dituen zailtasunengatik. Urtarrilaren 7an, Farmakologiako ohiko azterketara graduatutako betaurreko adimendunekaz joan zen. Ikasleak demostratu zuen betaurrekoak itzalita zeudela, eta azterketa betaurrekorik gabe jarraitzeko aukera eman ziotela, testua handituta eta denbora gehigarriagaz.

Handik egun gutxira, ordea, GAUR plataforman 0,00ko kalifikazioa agertu zitzaion. Ikaslearen arabera, urtarrilaren 16ko berrikuspenean hiru irakaslek jakinarazi zioten nota hori kopiatzea egotzi ziotelako jarri ziotela. Ikasleak ukatu egin du iruzur akademikorik egin izana, eta argudiatu du azterketa egiten jarraitzen utzi izanak berak erakusten duela une hartan ez zutela kopiatzen ari zela ebatzi.

Ikasleak egun hartan bertan diziplina-espedientearen kopia eskatu zuen posta elektronikoz. Oraindik ez du erantzunik jaso.

Praktikak eteteko erabakia

Praktiken eteteari buruzko ebazpenean, EHUk dio Kanpo Praktiken Batzordeak "aho batez" hartu zuela erabakia, ikaslearen "jardunari lotutako gorabehera" bat aztertu ondoren. Ebazpenak EHUko Ikasleen Kanpo Praktika Akademikoen Araudiko 9.2.e eta 10.2.e artikuluak aipatzen ditu. Artikulu horien arabera, ikasleek praktiketan pertsonen eta instalazioen segurtasuna bermatuko duen jarrera izan behar dute, eta betebehar hori ez betetzea praktikaldia aldez aurretik eteteko arrazoia izan daiteke.

Hala ere, eskuragarri dagoen dokumentazioan ez da zehazten zer gertatu zen, noiz gertatu zen, nork jakinarazi zuen, zer arrisku sortu zen edo zein frogatan oinarritu den erabakia. Ebazpenak dio arrazoi zehatzak ikasleari formalki jakinarazi zaizkiola, baina dokumentazioan ez da ageri jakinarazpen hori jasotzen duen agiririk.

Ikasleak apirilaren 1ean bertan erantzun zion idatziz dekanordeari. Mezu horretan azaldu zuen ez zekiela zein zen bere jardunari lotuta aipatzen zen gorabehera, ezta unibertsitateak zer ebidentziatan oinarritu zuen praktikak eteteko erabakia ere. Era berean, martxoaren 16an praktikak hasi zituenetik ez zuela inolako kexarik edo ohartarazpenik jaso bere jarrerari buruz salatu zuen.

"Nola aurkeztu alegazioak, ez badakit zer leporatzen didaten?", galdetu zuen ikasleak idatzian. Halaber, adierazi zuen ebazpenak ez ziola argitu zein epetan aurkez zitzakeen alegazioak edo errekurtsoak, ezta zein organori zuzendu behar zizkion ere.

Tratu desberdinaren salaketa

Ikasleak ez du praktikaldiko gorabehera bakarra salatu. Urtarrilaren 19an, Basurtoko Ospitalean praktikak hasi zituenean, etxera bidali zutela azaldu du, antza denez Gizarte Segurantzan alta eman ezin ziotelako. Ondoren, berak egiaztatu zuen ez zegoela arazorik ez bere lantokian, ez Gizarte Segurantzan. Sindikatu baten esku-hartzearen ondoren, urtarrilaren 21ean praktiketan hasteko mezua jaso zuen, galdutako orduak berreskuratu beharrik gabe.

Gertakari horren inguruan ere ez da azalpen instituzionalik ageri eskuragarri dagoen dokumentazioan. Hare gehiago, ikaslearen arabera, badaude lankide batzuk lan egiten duten zentro berberetan praktikak egiten ari direnak, eta beste batzuk lanaldi oso luzeak egiten ari direnak praktikak eta lana uztartuta. Egoera ikusita, irizpide berak aplikatzen al zaizkie ikasle guztiei?

Azalpenen beharra

Hedabide honek EHUri azalpenak eskatu dizkio praktiken etetearen arrazoi zehatzei buruz, ikasleari egindako jakinarazpenei buruz eta ikasleak salatutako tratu desberdinari eta presio akademikoari buruz. EHUk, ordea, ez du informazio gehiagorik eman, prozedura zabalik dagoela argudiatuta.

Espediente osoa esku artean izan gabe, Batzordearen akta, txosten arrazoitua, ustezko ebidentziak eta jakinarazpenen xehetasunak, ezin da ondorio irmorik atera. Ezin da esan irregulartasunik egon denik. Baina bai esan daiteke azalpen argiagoak falta direla.

Hori bereziki garrantzitsua da ikaslearen ibilbide akademikoa kontuan hartuta.. Denbora gutxian bikainetik "ez aurkeztua" izatera igaro da, segurtasunari lotutako arrazoiak aipatuta.

Nota on batek ez du, berez, esan gura ikasle batek aurrerantzean erantzukizunik izan ezin duenik. Baina ibilbide akademiko sendoa duen pertsona bati halako neurri larria ezartzen bazaio, erabaki horren azalpenak ere sendoa, zehatza eta egiaztagarria izan behar du.

Gardentasunik gabe, defentsa eskubidea ahuldu egiten da. Arrazoirik zehaztu gabe, alegazioak egitea ia ezinezko bihurtzen da. Eta erabakiak behar bezala azaldu ezean, zalantzak ez dira desagertzen, handitu egiten dira.

Oraingoz, galdera nagusiak erantzunik gabe jarraitzen du: zer gertatu zen benetan praktikaldian, eta zergatik ez zaio ikasleari modu argi, zehatz eta egiaztagarrian azaldu? Erantzun hori eman ezean, kasua zabalik geratuko da, ikasle baten salaketatik harago, unibertsitate publiko batek bere ikasleen aurrean izan behar duen gardentasunari eta bermeei buruzko auzi gisa.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun