Ikamak selektibitatearen aurkako kontzentrazioak egin ditu, tartean Leioako campusean

Izaro Garcia 2026ko ekainaren 2a

Ikamaren arabera, selektibitatea "froga zaharkitua" da. © IKAMA

Selektibitatearen lehenengo egunean, Ikama ikasle antolakundeak kontzentrazioak egin ditu Euskal Herriko hainbat unibertsitateetako campusetan, "FCK SELE" lelopean. Mobilizazioak Leioan, Ibaetan, Eibarren, Gasteizen eta Iruñean egin dituzte, unibertsitaterako sarbide-probaren eredua salatzeko.

Ikamaren arabera, selektibitatea "froga zaharkitua" da, eta ikasleen hezkuntza-prozesu osoa baldintzatzen du. Antolakundeak salatu du proba horrek ikasleak "zenbaki huts" bihurtzen dituela, eta etorkizun akademikoa zein pertsonala azterketa baten emaitzaren mende uzten duela.

Ikasle antolakundeak nabarmendu du, gainera, selektibitateak ez dituela ikasleen egoera sozioekonomiko eta pertsonalak kontuan hartzen. Haien ustez, baliabide gutxiago dituzten ikasleek zailtasun handiagoak dituzte hezkuntza-prozesuaren kostuei aurre egiteko, eta horrek desberdintasunak areagotu eta klase-sistema betikotzen du.

Euskararen egoera ere mahai gainean jarri dute. Ikamak gogorarazi du Euskal Herriko hainbat eremutan oraindik ezin dela unibertsitaterako sarbide-proba euskaraz egin; Ipar Euskal Herrian, esaterako, Baxoa frantsesez egin behar izaten dute ikasleek. Horregatik, Etxepareko ikasleei elkartasuna adierazteko argazkiak ere egin dituzte kontzentrazioen ondoren.

Egoera horren aurrean, Ikamak Euskal Herrian eraikitako hezkuntza sistema propioa aldarrikatu du: ikasleen beharretara egokituko dena, ikuspegi kritikoa sustatuko duena eta elkartasuna ardatz izango duena. Antolakundeak euskal ikasleriari borrokara batzeko deia egin dio, "merezi duten hezkuntzaren alde" mobilizatzen jarraitzeko.

"FCK SELE" dinamika apirilaren amaieran jarri zuten martxan, eta ikasturteari amaiera emateko, ekainaren 6an ikasle jaialdia egingo dute Gernikako Astran.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun