Azterlanak 2026ko ohiko deialdiko datu guztiak hartu ditu kontuan: 12.080 ikasle, 41 epaimahai, 848 zuzentzaile eta 4.223 berrikuspen eskaera. Guztira, 11.507 ikaslek gainditu dute USaP, eta horrek %95,26ko gainditze tasa utzi du.
EHUren arabera, Euskara eta Literatura II ez da emaitzarik txarrenak izan dituen irakasgaia. Batez besteko nota 6,33koa izan da, eta gainditze tasa %76,2koa. Gainera, 2025aGAZ alderatuta batez besteko nota 0,48 puntu jaitsi bada ere, unibertsitateak nabarmendu du antzeko edo are handiagoko jaitsierak izan dituztela beste irakasgai batzuek ere; esaterako, Matematika IIk, Fisikak eta Espainiako Historiak.
Datuak osotasunean aztertzea
Azterlanak zero kalifikazioak ere aztertu ditu. Euskara eta Literatura II da zero gehien pilatu dituen irakasgaia kopuru absolutuan (163), baina EHUk azaldu du hori azterketa gehien egiten diren irakasgaien artean dagoelako dela. Ehunekoei erreparatuta, zeroak azterketa guztien %1,4 izan dira dira; Fisikan, aldiz, %3,2. Gainera, hasieran zero lortu zuten Euskara eta Literatura IIko ikasleen %74,8k azkenean irakasgaia gainditu zuen berrikuspen prozesua amaitutakoan; USaP osoko batez bestekoa %71,6koa izan zen.
Bestalde, berrikuspen eskaerek gora egin dute aurten ia irakasgai guztietan. Euskara eta Literatura IIn 1.721 berrikuspen eskatu dira, iaz baino ia bikoitza. Hala ere, unibertsitatearen arabera, berrikuspenek eragin txikia dute azken emaitzetan: irakasgai horretan batez besteko nota 0,13 puntu baino ez da igo berrikusi ondoren.
Epaimahaien arteko aldeei dagokienez, EHUk zuzentzaileen irizpideen arteko desberdintasunak ez direla Euskara eta Literatura IIren berezko ezaugarria azaldu du. Antzeko egoerak hauteman dituzte beste hamaika irakasgaitan ere, eta gogorarazi dute ebaluazio sistemak bi puntutik gorako aldeak daudenean hirugarren eta laugarren zuzenketak egitea aurreikusten duela, objektibotasuna bermatzeko.
Azterlana aurkeztean, Joxerramon Bengoetxea EHUko errektoreak unibertsitatera sartzeko sistemak legeak ezarritako berme guztiak dituela azpimarratu du, eta "datuak osotasunean aztertzea" dela eztabaida publikoari erantzuteko modurik egokiena defendatu du.