Inazio Garin Atorrasagasti EHUko irakasle eta ikertzailea zendu da

Inazio Garin Atorrasagasti, EHUko irakaskea. © EHU

Inazio Garin Atorrasagasti Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Zientzia eta Teknologia Fakultateko irakasle eta ikertzailea zendu da. Biologoa eta zoologoa zen, eta bere ibilbide profesionalaren zati handi bat saguzarren ikerketari eskaini zion. HIRUKAlaguna eta HIRUKA aldizkariko kolaboratzaile izandakoa ere bazen.

Garin irakasle agregatua zen EHUn, eta irakaskuntza eta ikerketa uztartu zituen bere ibilbidean. Bereziki saguzarren azterketan jardun zuen, landa-lanean eta ikerketa zientifikoan ordu ugari emanez. Haren lanak faunaren eta biodibertsitatearen inguruko ezagutza zabaltzen lagundu zuen, baita ikasle-belaunaldi berrien prestakuntzan ere.

Euskal Herriko Unibertsitateak atsekabe handia adierazi du haren heriotzagatik, eta Garinek egindako ekarpen akademikoa zein zientifikoa nabarmendu ditu, baita unibertsitate publikoagaz izandako konpromisoa ere.

Era berean, EHUko komunitateak doluminak eta elkartasuna helarazi dizkie haren senideei, lagunei eta gertukoei; bereziki, bikotekideari, EHUko irakaslea bera ere.

HIRUKAtik ere bat egiten dugu dolumin horiekaz, eta gure babesa eta besarkadarik beroena helarazi gura dizkiegu haren senide eta gertukoei.

Inazio, eskerrik asko urte hauetan gure alboan egoteagatik, zure ezagutza partekatzeagatik eta HIRUKAren parte izateagatik. Plazerra izan da zure ekarpenak jasotzea eta gure orrialdeetan zuretzako lekua izatea. Zure lana eta oroimena gure artean geratuko dira. Besarkada handi bat, Inazio. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun