Txetxu Aurrekoetxea Ategorri taldeko mendeurrenaren eta komunikazioaren aldeko batzordeko kideak azaldu duenez, hilero hilero doaz ekitaldiak prestatzen, egutegi zehatzik gabe. Besteak beste, aurtengo Espainiako Liga amaitzen denerako, Erandio eta Athletic taldeen arteko partida agindu die talde zurigorriak, “gura dugunean”.
Bi futbol taldeetako beteranoek ere norgehiagoka jokatuko dute maiatzean. Eta apirilerako Athletic, Txorierri eta Danok Bat kluben arteko txapelketatxoa prestatzen dabiltzate. Baina, bestelako ekitaldiak ere egongo dira: orain salgai dituzten ardoen dastaketa, jarduerez beteriko eguna San Agustin jaietan, material salmenta... “Egiteko lan asko dagoen arren, pozez gainezka daude zaletuak urteurrenagaz. Gero eta jende gehiago gerturatzen da Ategorrira”, adierazi du Aurrekoetxeak. Liburua editatzen ere badabiltza. “Baikorrenek maiatzerako diote, baina seguruenik Sanagustinetan kaleratu eta salduko dugu”, aipatu du erandioztarrak.
Urteetan atzera eginez, 50eko hamarkadara arte “Matxakeo”-n, ontziolen aurrean, jokatu zuen Erandio futbol taldeak. Bertan, harriak txikitzen zituzten. Ategorri 1967an eraiki eta, besteak beste, bertan zen Txetxu Aurrekoetxea. Urrezko ezteiak ospatu zituztenean zuzendaria zen. Orain, Udalari laga nahi diote Ategorri, tokiko erakundeak azpiegiturak eta zerbitzuak hobetu ditzan, Aurrekoetxeak aitortu duenez. “Auzokideen mesederako izango litzateke”, aipatu duenez.
Ehun urte
Erandio Klub Kirol Elkartea Erandioko futbol taldea da. 1925ean sortua, egun Bizkaiko Ohorezko mailan dabil baina bi aldiz Espainiako futbol ligako bigarren mailan aritu zen. Zuri-urdinen urrezko aroa 30eko eta 40ko hamarkada eta 50eko hamarkada hasiera izan zen. 1932an Afizionatuen Espainiako txapelketako finala jokatu eta galdu egin zuen, baina hurrengo urtean txapelduna izan zen. Gerra Zibilaren ondoren, 1939-40 denboraldian, Bigarren Mailan jokatu zuen eta seigarren izan arren, jaitsi zen mailaren berrantolaketa handi bat egin baitzen. 1949an berriz igo zen, baina 14. Gelditu eta maila galdu zuen. Gero, urte asko eman zituen Hirugarren Mailan, 1981ean Bigarren B Mailara igo arte. 1982an lorturiko 7. Postua izan zen onena, hurrengo urteetan ez baitzuen hori hobetzerik lortu. 1985ean maila galdu zuen. Ordutik lau urte baino ez ditu egin hirugarren mailan eta Bizkaiko Ohorezko mailako ohiko taldea izan da.