EAEko Podemos-en norabidea Astrabuduan eztabaidagai

Iker Rincon Moreno 2015ko urt. 30a, 19:15

Erandioko Ahal Dugu taldeak mahai-ingurua egingo du astelehenean, otsailak 2, Astrabuduan. Hitzordua arrastiko 7:00etan jarri dute Josu Murueta kultur etxeko areto urdinean. Horren bidez, alderdi politikoaren autonomia mailako zuzendaritza aukeratzeko prozesuaren berri eman eta aurkeztuko diren hautagaitzak ezagutaraziko dituzte.

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Podemos - Ahal Dugu alderdi politikoan izena emandakoek otsailaren 9 eta 13a bitartean bozkatuko dituzte EAEko idazkari nagusia eta Hiritarren Kontseiluko beste 34 ordezkari autonomikoak. Hainbat zerrenda aurkeztu da eta guztiak gonbidatuta daude Astrabuduara gerturatzera, bere asmoen berri emateko. Erandioko zirkuluak jakinarazi duenez, bertan izango dira Euskal Hiria, Orain Ahal Dugu eta Sí Se Puede Euskadi Baita Ere hautagai zerrendak. Haiekin batera, bi independente jesarriko dira: Javi Bilbao eta Jose Ignacio Vicente. Besteak beste, Orain Ahal Dugu zerrendan Xabier Benito itzubaltzetarrak hartzen du parte, pasa den Europarako hauteskundeetako hautagaitzan 9. joan zena; Juan Ignacio del Vigo 2007tik 2011ra Sopelako Berdeen independentea izandakoak independente gisa eman du izena.

Udalerrietako arduradunak

Pasa den abenduan lehia barik bozkatu zituzten Uribe Kostako 7 udalerritan Hiritar Kontseiluetako kideak eta idazkari nagusiak. Ondokoak dira:

• Barrika: ez zen hautagairik aurkeztu. Kide gutxi izanda, ez dute deialdia berriz egitea aurreikusten.

• Berango: Emilio Lobato, idazkari nagusia (8 boto).

• Erandio: ez zen hautagairik aurkeztu. Litekeena da prozesu autonomiaren ostean, udalerri mailako egitura aukeratzen berriz saiatzea.

• Getxo: Ignacio Robles Fernandez, idazkari nagusia (73 boto). Idazkari nagusia. Hiritarren kontseiluko kideak: Paula Amieva Clemente, Ana Arteta, Alejandra Bengoa, Susana Andollo, Patxi Urrutia Errasti, Sergio Muro Carbón, Javier de la Bodega Domingo-Aldama, Iñigo Fernández Martínez, Jose Félix Sanz González eta Jose Fernandez Morán.

• Gorliz: David Clemente Rojo, idazkari nagusia (7 boto).

• Leioa: Berme Demokratikoetarako Batzordeak zabaldu duen ikerketaren emaitzen zain. Behin-behineko datuen arabera, Jose Ignacio Vicente Martinez, idazkari nagusia (47 boto). Hiritarren kontseiluko kideak: Begoña Juaristi Linacero, Ángela Verdejo Tarazaga, Manuela Martin Lorenzo, Gorka Diez eta Lala Juaristi.

• Lemoiz: ez zen hautagairik aurkeztu. Kide gutxi izanda, ez dute deialdia berriro egitea aurreikusten.

• Plentzia: Araiz Beristain, idazkari nagusia (6 boto).

• Sopela: José Ángel Álvarez, idazkari nagusia (26 boto).

• Urduliz: Teodoro Antuñano Vadillo, idazkari nagusia (7 boto).

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun