Lutxanako tunela konpontzen dabiltza seguruagoa izan dadin

Iker Rincon Moreno 2015ko mar. 15a, 11:00

Lutxanako tunelaren sarrera.

Lutxanako lurpeko pasabidean oinezkoen segurtasuna hobetzeko abiatutako lanek kontuan izan dituzte Erandioko Udal Berdintasuna eta Emakumeen Arloak zein zenbait kolektibok egindako ekarpenak.

Itsasadarreko errepidearen azpiko lurpeko pasabidean zein inguruetan makina bat aldaketa egiten dabil asteotan Erandioko Udala. Erakundeak zabaldu duenez, ikusgaitasuna eta argiztapena hobetu dituzte, besteak beste, hormak kolore argiagoz margotuz eta sarbideetako izkinetan ispiluak jarriz. Horrez gainera, kontrola areagotuko du Udalak, sarbideetako farol bietan tunelaren barruko aldea eta inguruak zelatatzeko bideokamera berri bana ipinita.

Joseba Goikouriak gidatzen duen Udalak hirigintza-irizpideei kasu egiteagaz batera, kontuan hartu ditu genero ikuspegitik Erandioko elkarteek eta kolektiboek zein Berdintasun eta Emakumeen Arloak egindako ekarpenak. Adibidez, egungo espaloien diseinua dela-eta, tunelera sartzeko bidea laburragoa da, baina 90 graduko angelua ere egiten du, eta horrenbestez, oinezkoak ez du astirik pasabidearen barruan zer edo nor dagoen ikusteko. Horregatik, tunelaren bi aldeetan diseinu berria proposatu da: sartzera doazen pertsonek bira zabalagoa eman eta lur azpiko pasagunea hobeto ikus dezaten. Ikusgaitasuna hobetzeko, eta, aldi berean, energia aurrezteko, kanpoko farol batzuk lekuz aldatu dituzte eta orain arte erabili diren presio handiko sodio-baporeko lanparak ordezkatzen hasi dira, halogenuro metalikoa erabiltzen duten lanpara erregulagarriak sartzeko. Sistema osatzeko, argia eta mugimendua detektatzeko lau gailu jarri dituzte: inguruneko argitasunaren arabera eta pasabidetik pertsonak igarotzen diren heinean, lanparek emango duten argia erregulatuko dute. Horrela, bertako argi-ilunak eta segurtasun-ezaren sentsazioa ekidin gura dituzte.

Horma

Argiaz eta espaloiaz gainera, arkitektura-oztopo txiki bat ere moldatuko du Udalak. Izan ere, aitortu dutenez, ondoko auto-kontzesionarioko hormigoizko murruak ezkutatu egiten du  ipar-mendebaldetik tunelera doan bidea. Hori dela eta, egungoa kendu eta horma berria jarriko dute, eta hainbat zatitan burdin hesia ipiniko dute alde batetik bestera espaloia ikusi ahal izateko. Azkenik, tunela sortu zenetik grisak izan diren hormak zuritu egin dituzte, argitasun handiagoa izateko. Leku batzuetan, dekorazioa ere gaineratu dute.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun