Erandioko Udalak Astrabuduko metro-geltokiaren ondoko aparkalekua egokitu eta zabalduko du. Udal iturriek jakinarazi dutenez, asmo horiek ahalbidetzeko daborduko akordio bat itxi dute Inbisa Inmobiliaria enpresagaz eta Kossler Iberica eraitsitako lantegiko orubearen jabeakaz. Hitzarmena apirilean gauzatuko da.
Iragarritako zabalpenak metro ondoan beste 300 ibilgailu utzi ahal izatea bermatuko luke etorkizunean, beti ere Joseba Goikouria alkateak gidatzen duen Gobernu Taldearen arabera.
Udalak azaldu duenez, “neurri horren bidez, auzoak dituen arazo nagusietako bat arindu” nahi dute. Izan ere, gogoratu dutenez, Astrabuduan, guztira, 5.100 ibilgailu baino gehiago daude erroldatuta. Halere, bai bertako aparkalekua egokitzeko beharrek, bai osasun-etxeko 70 tokitik 200 plazara handitzeko obrek egoera kaskartzea eragingo dute, “behin-behinean bada ere”. Hori dela eta, lan horiek zehar kalte nabarmen barik aurrera eraman ahal izateko, autoak lagatzeko beste gune bat bilatzeari ekin zion Udalak.
Behin-behineko konponbidea
Horren eraginez, Inbisak metrotik hurbil dituen lurrak erabiltzeko akordioa itxi berri du Udalak. Lursail hori Axpe-Udondo egikaritze-unitatean dago eta berau garatu arte erabili ahal izango du Udalak. Axpe-Udondo gunea aparkalekua izan dadin egokitzeko eta egungo area moldatu eta zabaltzeko inbertsioari Kossler Ibericako lursailen jabeek egingo diote aurre. Era berean, hitzarmenak jasotzen duenez, lur horietan behin-behineko jarduerak egin ahal izango dira. Udalak asteko azoka edo barrakak jarri ditu adibidetzat.