Perezek esker hitzak izan zituen Juan Otermin udal bozeramaile sozialistarentzat, datorren legealdian Udala utzi arren “Erandioren alde borrokatzen jarraituko duela”, Bizkaiko Batzar Nagusietarako Txorierriko hautagai sozialista izango baita. “Lasai nago, lasai egon gaitezke, Bizkaiko Foru Aldundian ordezkaririk onena izango baitugu. Erakunde horrek, zintzoak izan gaitezen, gutxi egin du herri honengatik, Lutxanarako bidean tunel ez seguru bat eraikitzea ez bada, Eskumaldean gauza bera kritikatzen zuten bitartean”, salatu zuen alkategaiak.
EAJri kritika gogorrak
Perezen ustez, PSE-EEk Erandio “irauli egingo du”, langabetuen kopuruagatik hasiz. Nabarmendu zuenez, “inguruko handiena” da bertako langabezia tasa: “hori horrela izan dadin EAJk Udal Gobernuan zer egin duen galdetzen diegu gure buruei. Eta erantzuna da: ezer ez. Axolagabekeria, immobilismoa eta eraginkortasunik eza izan dira gobernu nazionalistaren gakoak. Eta herri honek ez du hori merezi. Ez du merezi sustapen ekonomikora udal aurrekontuaren %5 baino gutxiago joatea”.
Horren aurrean, PSE-EEk babestu du enpresari berriak laguntzea, enpresa-haztegiak sortzea eta Plaiabarri eta Sakoniko inguruan industria-jarduera sustatzea, espazioak egokituz eta bideragarritasuna hobetuz. Gainera, ez izatea “enpresa-garapenerako traba” delakoan, HAPO martxan jartzea gura dute. Euren ustez orain arte ez da posible izan “EAJren ezgaitasunagatik”.
Gainera, Gizarte Ekintza arloan giza eta diru baliabide gehiago jartzearen alde mintzo zen Perez: “gaizki pasatzen dabiltzan auzokideak lagundu behar ditugu eta laguntzak behar dituztenei benetan heltzeko arduratu behar gara”. Beste proposamen bat izan zen Udal Gardentasun Ataria sortzea, auzokideek “gure zergak zertan eta nola gastatzen diren” ezagutzeko. Perezek gogoratu zuenez azken asteotan sozialistak Programa Irekia izeneko proiektuan murgildu dira eta hainbat topaketa burutu eta ekarpenak jaso zituzten. Horretaz pozik mintzatu zen alkategai sozialista: “jendeak arrazoia du Aparkatzeko Plan Nagusia eskatzen digunean edo Astrabuduko hezegunea udalerri honetako biriki berdea izan dadin apustu egin dezagun esaten dutenean”.