Lutxanako geralekua berriro zabalduko dutenez, joan-etorriak egin ahal izango dira Txorierri eta Bilbo artean, Euskotreneko unitateetatik Metro Bilbaokoetara aldatuz eta alderantziz. Azaldu dute programatu duten garraio-aldaketa hori dela eskain daitekeen "alternatiba onena".
Halaber, Lutxanako geltokian garraioa aldatzeko bidaiariek gehienez 5 minutu itxaron beharko dutela jakinarazi dute. Euskotrenek bidaia-titulu berri bi ipiniko ditu martxan, ohiko zerbitzua ebakita dagoen bitartean. Bono10 Konbinatuagaz hamar bidaia egin ahal izango dira Txorierri, Lutxana eta Bolueta arteko edozein geltokiren artean; bidaiaren prezioa euro batekoa izango da. Halaber, tarifa murriztuak dituzten lagunek Bono10R Konbinatua eskuratu ahal izango dute, bidaiaren prezioa 0,60 eurokoa izango da.