Erandioko Udala Erandiogoikoko San Jose auzoan urbanizatze-lan berriak egiteko aurreproiektua idazten amaitzen dabil. Aipatutako behin-behineko proiektuaren helburua da inguruak dituen beharrak asetzea, beti ere udal iturrien arabera. Izan ere, San Jose auzoa 1940ko eta 1950eko hamarkadetan eraiki zen eta saneamenduak egokitzea eta hainbat birmoldaketa-lan egitea behar ditu, besteak beste.
Aurreproiektua eta saneamenduari buruz beren-beregi prestatutako beste plangintza bat helaraziko dizkiete bertako auzotarrei, iritzia eman eta nahi dituzten ekarpenak egin ahal izan ditzaten. Horren ondoren, Udalak batuko ditu hiritarrek egindako iradokizun, ideia eta alegazio guztiak baloratuko ditu, behin betiko proiektua idatzi aurretik.
Azken egitasmo hori «seguruenik zatika egingo da, duen tamaina izanda eta egoiliarrei egunerokoan ahalik eta eragozpen gutxien eragiteko asmoz», Udal Gobernuak Hiri Antolamendurako Plan Orokor (HAPO) berriaren harira ziurtatu duenez. Udalak darabilen aurreproiektuan hainbat proposamen egiten dira: neska-mutilentzako jolas-parkea, hainbat berdegune, lorategiak, asfalto-zoru berriak eta mota ezberdinetako zoladura. Horretaz gainera, ibilgailuak auzoan sartu eta irteteko zirkulazio-sistema berria aurreikusten du, egungoa baino «erosoagoa eta praktikoagoa», udal mandatarien arabera. Era berean, aparkaleku gehiago egiteko agindua dakar aurreproiektuak.