Gorazarre egingo diote bihar Lopez de la Calleri

Iker Rincon Moreno 2015ko api. 24a, 19:00

Haritz Lopez de la Calle. © EUSKOBOX

Bihar, zapatua, Erandioko Udalaketa Astrabuduko Kick Boxing Taldea (AKT) omenaldia egingo diote Haritz Lopez de la Calle borrokalari astrabuduarrari. Bi erakundeek eta Lopez de la Calleren senide, lagun eta borrokakideek Astrabuduko Josu Murueta kultur etxean jarri dute hitzordua, 13:00etan. Espainiako K-1 txapelketa irabazi zuen astrabuduarrak.

Lopez de la Calle borrokalaria Europara begira dago daborduko

Bitartean, Haritz Lopez de la Calle astrabuduarrak Europako Kickboxing  Txapelketa irabazi gura du. Horrela aitortu zuen pasa den astean, Espainiako K-1 txapelketa, 66,8 kiloko kategorian, erdietsi eta egun batzuetara: "daborduko gauza berrietan pentsatzen nabil, eta hurrengo geltokia Europako txapelketa da. Horrek izugarri motibatzen nau, ikasteak eta hobetzeak motibatzen nauten legez, asko baitut hobetzeko". Horregatik, pasa den apirilaren 11n, Txurdinagan  Marcelo Gonzalezen aurka irabazitako tituluari baino, ahalik eta lasterren berriz prestatzeari jartzen dio arreta: "datorren astean puntuak kenduko dizkidate eta bi aste barru entrenatzen ibili gura dut" dio astrabuduarrak.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun