Bitartean, Erandioko Kirol Elkartearen taldeak denboraldia ixten dabiltzan garaian sailkapenak, hauteskundeak, 100. urteurrena eta Ategorri bilakatu dira protagonistak.
Izan ere, Erandioko Kirol Elkartearen talde nagusia, Ligako Hirugarren Mailakoa, suspense handia jartzen dabil denboraldiaren amaierari. Oskar Tabuenkaren mutilek urte kaxkarra bizi izan dute, baina azken unera arte matematikei eta esperantzari eusteko gogoa erakusten dabiltza. 18. postuan eta 31 puntugaz, gaur egun jaitsiko lirateke, baina haien aurretik dagoen Pasaiak falta zaizkion partida biak galduko balitu, zuri-urdinek maila gordeko lukete, euren norgehiagokak irabaziz gero. Beraz, partida bakoitza final bat bezalakoa izango da.
Tartean, domeka honetan eskualdeko derbia jokatuko du promozio-postuetan dabilen Arenasen aurka. Tentsio handiko dema izango da, aurreko egunean Pasaiak irabazi ezean. Bitartean, Erandio Bk urteurrena ospatzeko moduko alaitasuna ekarri dio klubari. Ez du Erregionaleko Hirugarren maila irabazi, baina txapeldunorde gisa, Erregionaleko Bigarren kategoriarako txartela eskuratu du.
Ategorri futbol-zelaia eta hauteskundeak
Klubaren aspaldiko aldarrikapena da Ategorri futbol-zelaia Udalari utzi ahal izatea, erakunde hori mantentze-gastuez ardura dadin eta erabilpen handiagoa eman diezaion. Mendeurrenaren harira, Udal Gobernuarekiko negoziazioak indartzen ahalegindu da kluba, baina pasa den astean legealdia amaierara heldu zen akordio barik. Kirol-elkarteak larrialdiko eskaera sartu zuen udal erregistroan, zelaiaren uztearena Udalbatzak eztabaidatu eta behingoz erabaki zezan. Eguenean egin zen legealdiko azken udal bilkuran PSE-EEk testu hori ekarri zuen, urgentzia legez, eta EH Bildu eztabaidatzeko prest agertu zen. Halere, EAJk eta PPk gai zerrendatik kanpo mantendu zuten, larrialdia ez zelakoan. Joseba Goikouria alkateak hitzarmenak “tentuz” aztertzera deitu zuen, bazkide zuri-urdin batzuen protesten artean.
Azkenik, klubeko zuzendaritzak agintaldia amaituta, taldeak hauteskundeak deitu ditu eguaztenerako, hilak 13. Bi zerrenda aurkeztu dira kluba kudeatzeko. Bazkideek bi zerrendaburuak entzuteko parada izango dute hauteskunde egunean Ategorri institutuan, 19:00etatik aurrera. 19:30ean, bozketa abiatuko dute eta 21:00etan botoak zenbatzeari ekingo diote.