Udal hauteskundeak 2015

Elena Perezek Erandioko Udalaren ate eta leihoak irekitzeko agindu du

Iker Rincon Moreno 2015ko mai. 13a, 19:55

Elena Perez gaur goizean Astrabuduko Josu Murueta plazan. © PSE-EE

Elena Perez Erandioko PSE-EEren alkategaiak bere hitza eman du Udal Gobernu "ireki, garden eta auzokideengandik hurbila" sortzeko. Era berean, Udalaren ateak eta leihoak irekitzeko konpromisoa hartu du gaur goizean Astrabuduko Josu Murueta plazan egindako ekitaldian.

Perezek azaldu duenez, bere asmoa da "hiritarren arazoak entzun eta sentituko dituen gobernatzeko era" martxan jartzea: "Ez dugu ezinezko paradisuak eskaintzen, ezta makila magikoaz ere. Lana eta proposamen zehatzak dakartzagu, gure programaren hiru ardatzak gauzatzeko: enplegua, gizarte politikak eta Udal Gobernu ezberdina: irekia, gardena eta hurbila", errepikatu du. Bere ustez, udalerria "geldi" egon da eta "berriro piztea behar du, ilusioz, esperantza emango diguten proiektuez".

Gogoratu duenez, Erandiok 2.000 lagun baino gehiago ditu langabezian, ia %18. Horregatik aldarrikatu du PSE-EEren lehentasuna enplegua eta sustapen ekonomikoa direla. Ildo horretan, Plaiabarrin eta Sakonin industria-jarduera sustatzeko asmoz, espazioak egokitu eta errepideak hobetuko dituzte. Era berean, Asuako eskola zaharretan enpresa-haztegia sortuko dute. Ekonomiagaz jarraituz, bertoko merkataritza eta ostalaritza babestea eta enplegua lortzeko zailtasun bereziak dituzten pertsonak laguntzeko plangintzak agindu ditu Perezek. Zaku berean sartu du bat-bateko jarduketa udal brigada sortzea, hiri-altzarietako matxurak, espaloiak eta parkeak konponduko dituena. Arlo sozialean ere, politika sozialak indartzera deitu du alkategai sozialistak, "krisiak txirotasun eta bazterkeria mailak handitu dituelako eta Erandioko sendi asko garai gogor eta zailetan bizi direlako". Gizartegintza langileak, adinekoak, nagusien elkarteak, Helduen Hezkuntza Etengabea (HHE) dira lagundu gura dituen kolektiboetako batzuk.

Ekologia eta kultura

Erandio berdea ere defendatu du Elena Perezek, "gure iragan industrialaren hondarrak dauden lekuetan gune berdeak" sortzen edo Ibaizabalera begira bizitzen. Besteak beste, itsasadarren ondoko bidegorria proposatu du Bilbo eta Getxo artean, Erandion eta Leioan zehar. Astrabuduan, gainera, bertako hezegunea leheneratzearen alde agertu da, auzoko biriki berdea izan dadin. Kulturari dagokionez, Altzagako merkatu zaharra eta Martiartuko dorrea zaharberritzea gura du alkategaiak.

Baina, agindutako ekimen denak egingarri izan daitezen, "Erandioko Udala gobernatzeko modua sakonean aldatu" behar dela ohartarazi du hautagaiak: "kudeaketa edo, hobeto esanda, EAJren Udal Gobernuak erabilitako kudeaketa eza zeharo ordezkatu beharra dago". Halere, ez da jelkideei egin dien kritika bakarra. Perezen ustez, Erandioko EAJk erabakiak "puntualki" hartzen ditu, "udalerriak behar dituen aldaketak aurreikusi barik". Gogoratu duenez, oraindik orain Erandiok ez du HAPOrik. Bizkaian udalerri guztiek, Erandiok eta beste batek kenduta, planifikazio hori burututa dutenean: "Erandiok merezi ez duen lotsaizuna da". Azkenik, udal diru-kutxari begirada bota dio alkategai sozialistak. Gardentasuna agindu du, baina baita gastu korrontea laurden bat jaitsiko duela ere.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun