Athletic Eguna ospatuko dute gaur Astrabuduan

Iker Rincon Moreno 2015ko eka. 13a, 08:15

Iraola omendu gura izan dute aurtengo edizioan.

Seigarren urtez jarraian, Athletic Eguna ospatuko du Athletic Goitiko zaleen taldeak gaur, zapatuan, Astrabuduko Mendiguren plazan, Trabudu eta Gautxoriak taldeek lagunduta.

 

Lehoirik txikienek goizeko 11:00etatik aurrera gozatu ahal izango dute, puzgarriak direla medio. Nagusiek ordu erdi gehiago itxaron beharko dute egunari zaporea hartzen hasteko, ordu horretan zabalduko baita txosna eta pintxo-potea. Andoni Iraola omendu gura duen jardunaldiak adin denentzako ekimenak izango ditu: txalaparta tailerra, erraldoien kalejira, photocall-a, trikitixa- eta alboka-poteoa, giza-mahai-futbola, herri-bazkaria eta "Aupa Athletic Karajo" izenburuko mahai-ingurua, hurrenez hurren. Eguna amaitzeko, txorizo-jana egingo dute 19:00etatik aurrera. Herri-bazkarirako txartelak zazpi eurotan eskuratu daitezke daborduko Primera Linea eta Beltzez tabernetan. Menua paella izango da.

Athletic Goitiko zaletuen taldea 2009an sortu zen eta egun 80 bat bazkidez osatuta dago. Izena kuadrillako baten baserriarena zen. Zale taldea sortu aurretik errepide bat egiteko eraitsi zutenez baserria, omenaldia egin gura izan zioten taldeko beste kideek: "bertan txikitan jolasten baikinen eta futbolez zer edo zer (gutxi) ikasi bagenuen bertan izan zen". Goitikok Athleticeko taldeak jarraitzeaz gainera, hainbat elkartasun ekimenetan parte hartu du. Horrela, Beñat Mardaras bihotzeko gaitza larria duen umea laguntzeko txosna jarri zuten Astrabuduko jaietan eta Bizkaiko Elikagaien Bankua hornitzeko elkartasun martxa burutu zuten. Halere, ezagunagoak dira 2010ean abiatu zuten Athletic Eguna ospatzeagatik.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun