Goikouriak hitza eman du alkate izendapena jasotzeko, "legeak hala aginduta". Bere moduan, zinegotzi izateko Estatu espainolaren legediari eta erregeari egin behar izandako erreferentziak "behartuta" edo "aginduta" egin dituztela azaldu dute EH Bilduko zinegotzi guztiek eta baita EAJ, Ganemos eta PSE-EEko hainbatek.
Zin egitearena ez da izan bat-egite bakarra. Legealdirako asmoen berri ematean, gardentasuna, udal "parte-hartzaileagoa", "krisiari aurre egitea", "erandioztarren ongizatea" eta enplegua aldarrikatu dituzte PSE-EEk, EH Bilduk eta Ganemosek. Horrez gainera, EH Bilduk iragarri du erabakitzeko eskubidearen alde lan egingo duela, "akordioak gero eta zabalagoak" izan daitezen. Ganemosek ezkerreko indarren elkarlanera deitu du eta Joseba Goikouriak bere alderdiak gaur izan ez duen gehiengo egonkorra errazteko eskatu die gainontzeko alderdiei. PPgaz izan ezik edozeinegaz akordio batera helduta gehiengo osoz lan egin lezake "erandioztarren alde". Gogoratu duenez, Erandioko EAJk eskarmentua du HBgaz zein PSE-EEgaz hitzarmenak sinatzen eta ez du baztertu "beste indar politikoren bategaz" egitea, Ganemosi zuzenduta. Halere, ikusi beharko da datozen asteotan EAJ eta PSE-EEren arteko EAE mailako udal eta foru hitzarmenagaz zer gertatzen den.