Takolo Eguna hartuko du gaur Astrabuduak

Iker Rincon Moreno 2015ko eka. 20a, 08:15

Takolos irrati-klubak 15 urte bete zituen, pasa den maiatzean. Baina zapatura arte atzeratu dute ospakizuna, hauteskundeak zirela-eta. Jon Fano elkarteko kideak aitortu duenez, maiatzean bete ziren 15 urte Takolos irrati-kluba ofizialki jaio zenetik; "baina hauteskundeetan, agintariek inolako baimenik ematen ez dutenez eta ekainean argazkilaritza maratoia egin ohi dugunez, dena batu dugu". Irrati-kluba 2000. urtean abiatu arren, bere lehenengo urratsak 1999an egin zituen, Astrabuduko eta Bizkaiko hainbat irratizaleren ekimenez. Hain zuzen ere, hasiera hartako kuadrilla baten izenetik dator Takolos izendapena.

Hasiera hartan, Takolosek bazkideak barreiatuta zituen munduan zehar, Argentina eta Italia artean: Mexiko, Brasil, AEB, Kolonbia, Venezuela, Belgika, Frantzia, Herrialde Katalanak, Espainia eta, jakina, Euskal Herrian topa zitezkeen, irrati bidez.
"Hasiera izugarri hura" bideratzeko, irrati-kluba kultur elkartetzat erregistratzea erabaki zuten 2000. urtean. Helburu nagusia "gure Astrabudua maitea ezagutaraztea" izan zen. Horretarako, "gure esku dauden tresna legal denak erabiltzea" adostu zuten. Hurrengo bost urteetan, Takolosek "urrezko aroa" bizi izan zuen, munduan zehar bazkideak eta kontaktuak zituen, eta Astrabudua nazioartean ezaguna zen. Zoritxarrez, 2006an irrati-zaletasunak beheranzko joerari ekin zion, teknologia berrien eraginez.

Takolos ez zen salbuespena izan, eta hainbat jarduerak kale egin ostean, 2007an elkartea itxi ez, baina berrasmatu zuten, ez ohiko batzarrean. Orduan, ekin zioten Astrabuduaren alde diharduten beste eragileakaz elkarlanean jarduteari eta euren ekimenak babesteari. 2009ko amaieran, ostera, argazkilari-taldea sortu zuten, beti ere betiko helburuagaz. Gaur egun, Astrabuduko Pirata irratian, argazkilaritza-kontuetan, putxerakaz eta «auzoko edozein saltsatan» dabiltza Takolosekoak, Fanok dioenez.

Takolo Egunaren egitaraua

Ekainak 20, zapatua

  • 11:00 Irteera Astrabudutik, trenez. Ibilbidea: Etxegorri 7, Madaripe, Mezo, Txakurzulo eta Etxegorri. Doakoa. Lekuak bete arte.
  • 14:00 Tren-bidaiaren amaiera, Etxegorrin.
  • 17:00 IV. Argazkilaritza Maratoia: kultur eta argazkilaritza irteera Erandiotik, trenez. Ibilbidea: Etxegorri 7, Lutxana, Altzaga, Arriaga, Erandiogoikoa, Akarlanda, Goierri eta buelta Astrabuduko Etxegorrira. Lekuak bete arte.
  • 19:00 IV. Argazkilaritza Maratoiaren amaiera.
  • 19:30 Dantzaldia eta umeentzako animazioa, Lastima Teatrogaz, Mendiguren plazan.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun