Goma errearen usaina izango da nagusi zapatu honetan Erandioko Astrabudua auzoan. Izan ere, goizeko 11:00etatik aurrera, Astrabu Motor Klubak martxan ipiniko du motoen topaketaren zortzigarren edizioa. Ordu horretan izen-ematea zabalduko dute Mendiguren plazan. Inskribatuko diren lehen 400 lagunek kamiseta eta opari bat izango dituzte. Eguerdian, neska-mutilen norgehiagoka izango da, laugarren urtez Motoplastic sari nagusia jokatuko baitute. 13:00etan, triki-poteoa egingo dute taberna babesleetan, eta lau ordu beranduago, alkohola jaitsita, motoek ibilbidea osatuko dute herri eta inguruetatik. 18:30ean, motor-jokoak egingo dituzte, eta 20:00etan Pol Stunt-en, show akrobatikoa. Parrillada eta sari-emanaldiagaz amaituko da jaialdia.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!