Goiherri, Europako txapeldun

Iker Rincon Moreno 2015ko ira. 4a, 09:18
Goiherri taldea atzo, garaipena ospatzen. © JONE ZARRAGA

Goiherri sokatira taldeak Europako Lur Gaineko txapeldun titulua irabazi zuen atzo arrastian, Belfasten (Ipar Irlanda) jokatzen dabilen txapelketan. Erandioztarrek gizonezkoen 560 kilokoan jantzi dituzte urrezko dominak. Finalean, Stans Oberdorf talde suitzarrari nagusitu zitzaien. Podiuma beste talde suitzar batek osatu zuen, Sins, Bancran talde irlandarra mendean hartu ostean. Laukizko Gaztedi taldea ere nagusitu da Europako txapelketan, 560 kilokoan, emakumezkoen taldeagaz. Gaur arrastian, Goiherrik balizko bigarren garaipena lor lezake, 640 kilokoan. Zapatuan eta domekan, berriz, "Basque Country" selekzioagaz jardungo dute.

Europako Lur Gaineko Sokatira Txapelketa atzo abiatu zen eta domekan amaituko da. Bertan, Goiherriz gainera, lehian dira Laukizko Gaztedi eta Gipuzkoako Mutriku taldeak. Denera, euskal delegazioak 93 pertsona eroan zituen pasa den martitzenean Irlandako Sei Konderriko hiriburura, Belfastera. Horietatik, 29 kirolarik Goiherrigaz bidaiatu zuten. Halere, Gaztedi da euskal talderik jendetsuena 49 pertsonagaz. Azkenik, Mutrikugaz 12 joan ziren, eta hiru epaile euskal herritar ere han dira, Nazioarteko Sokatira Federazioarentzat (TWIF) lan egiteko: Jose Antonio Uriarte, Juan Miguel Ranero eta Jose Mari Markaida.

Aurreko Europako Lur Gaineko Sokatira Txapelketa 2013an jokatu zen, Holandako Assen herrian. Harrezkero, aldaketa garrantzitsua izan da sokatiraren munduan: 2014ko uztailaren hasieran Euskadiko Herri Kirol Federazioak TWIFeko eskubide osoko kide izatea lortu zuenez, Euskal Herriko sokatira-taldeak aurten Basque Country ordezkatuz lehiatuko dira lehenengo aldiz Europako txapelketa batean.

Txapelketa zuzenean jarrai daiteke hemen.

Erlazionatuak

Goiherriren garaipena iruditan

Iker Rincon Moreno 2015 ira 04 Erandio

Goiherri garaipena ospatzen

Iker Rincon Moreno 2015 ira 04 Erandio

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun