Europako Lur Gaineko Sokatira Txapelketa atzo abiatu zen eta domekan amaituko da. Bertan, Goiherriz gainera, lehian dira Laukizko Gaztedi eta Gipuzkoako Mutriku taldeak. Denera, euskal delegazioak 93 pertsona eroan zituen pasa den martitzenean Irlandako Sei Konderriko hiriburura, Belfastera. Horietatik, 29 kirolarik Goiherrigaz bidaiatu zuten. Halere, Gaztedi da euskal talderik jendetsuena 49 pertsonagaz. Azkenik, Mutrikugaz 12 joan ziren, eta hiru epaile euskal herritar ere han dira, Nazioarteko Sokatira Federazioarentzat (TWIF) lan egiteko: Jose Antonio Uriarte, Juan Miguel Ranero eta Jose Mari Markaida.
Aurreko Europako Lur Gaineko Sokatira Txapelketa 2013an jokatu zen, Holandako Assen herrian. Harrezkero, aldaketa garrantzitsua izan da sokatiraren munduan: 2014ko uztailaren hasieran Euskadiko Herri Kirol Federazioak TWIFeko eskubide osoko kide izatea lortu zuenez, Euskal Herriko sokatira-taldeak aurten Basque Country ordezkatuz lehiatuko dira lehenengo aldiz Europako txapelketa batean.
Txapelketa zuzenean jarrai daiteke hemen.