Bertan izan ziren, besteak beste, Joserra Maestro eta Luis Zubiaur "Erandioko historiaren zatitxo" horren egileak, Marina Garcia klubeko presidentea, Joseba Goikouria alkatea, Txema Montoya aurkezlea, eta azken hamarkadetako makina bat kirolari, zuzendaritza kide eta zinegotzi. Liburua 30 euroan eskura daiteke honako lekuetan: Zubitagarri eta Elorduy liburu-dendatan, Nerea Urdiain kioskoan, Koldo dendan eta Nieto tabako-dendan. Domekan, berriz, urteurrenari amaiera eman zioten, Ategorri Sariaren 45. edizioaren bidez. Erandioko kluba erraz nagusitu zitzaion 3-1 Astrabuduko taldeari.
Futbol-eskola
Memoria gordeta, txuri-urdinek etorkizunaren alde egin dute apustu. Hori dela-eta, aste honetan futbol-eskolako ume eta gaztetxoen gurasoakaz batzeari ekin diote arduradunek. Eguaztenean izan zen txanda 2006 eta 2010 bitartean jaiotakoen ama eta aitentzat. Eguenean, ordea, Bekoa ikastetxera joan ziren 2005, 2004, 2003 eta 2002koen gurasoak, 19:30etik aurrera, ordu erdiro eta hurrenez hurren.
Lagunartekoak
Bitartean, Erandioko lehenengo taldeak pasa den abuztuaren 17an ekin zion denboraldia prestatzeari, nahiz eta Bizkaiko Ohorezko Mailako lehenengo partida irailaren 20an izango duen, Elorrioren aurka. Urriaren 11n izango da derbia Apurtuartegaz.