Kaleratu ostean, alternatibarik ez
Volbaseko langileek iragarri dute “gure lanpostuak defendatzeko behar diren mobilizazio denak” egingo dituztela. Beharginek bat egin dute enpresaren zuzendaritzagaz, eta eskertu diote “urteetan plantaren funtzionamendua mantentzeko eta lanpostuak gal ez zitezen egindako ahalegina”. Gogoratu dutenez, “une larriak” dira euren sektorean.
Kaltetutako langileek EAJ eta PSE-EEren Udal Gobernuaren aurka egin dute, kaleratuko dituzten beharginei “herriko beste enpresaren batean edo beste udalerrietan” alternatibarik eskaini ez diela salatuta. Are gehiago, “erabakia erabat politikoa” izan dela salatu dute, eta, kasu horretan, oposizioari bota diote errua. Izan ere, aurreko legealdian PSE-EEk eta EH Bilduk hainbatetan salatu zuten Volbasek jarduera-lizentzia barik funtzionatzea, “irregularra” baitzen. Langileek ez dute horrela ikusten, eta salatu dute haien kaleratzeak “alkatetza hartzeko gerrilla-borrokaren zehar-kalteak” izango direla. Beharginen %15ek urritasunen bat dute.